[dantzan] Korpus - Gorputz

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Ost, Eka 8, 12:05:47, CEST 2005


Jesus Irizarren elkarrizketa Berrian argitaratu zutela eta honako hau 
aipatu nuen:

"Portzierto. Nik "Corpus" Gorpuzti bezala itzuli izan dut eta halaxe 
bidali nuen artikuluan Elhuyar eta Euskalterm hiztegietan halaxe jasota 
dagoelako. Berriako zuzentzaileek berriz "Gorputz" jarri dute. GAldetu 
dut horri buruz, ea azalpenik ematen duten, horrelako terminologia 
kontuak garrantzitsuak izaten baitira guretzat eta finkatzen joatea 
komeni da. Ea zer erantzuten duten."

Berriako euskara taldearen arduradunak, Irene Arrarats-ek "Gorputz 
eguna"-ren aldeko hautua zergatik egin duten azaltzen duen erantzuna 
bidali dit, eta berari baimena eskatu ondoren zuekin konpartitzea 
erabaki dut. Azken batean guri askotan tokatzen zaigu jardutea gai hauei 
buruz eta ez legoke gaizki terminologia kontu batzuk finkatzen joatea. 
Irene berak azpimarratu ditu erabaki hori ez dela beste inoretzat 
"agindua" baizik eta Berriak bere lanerako hartu duen erabakia. Hauxe da 
Irenek esandakoa:

*******

"Guk, Elhuyar eta Euskalterm ez ezik, Euskaltzaindiaren /Orotariko 
Euskal Hiztegia/, Euskaltzaindiaren /Hiztegi Batua/, Ibon Sarasolaren 
/Hauta-lanerako Euskal Hiztegia/ eta /Hiztegi Handia/ eta beste zenbait 
ere erabiltzen ditugu, eta horien guztien argitan, zalantzazkoa 
iruditzen zaigu 'gorpuzti eguna'.

Zergatik? Hasteko, Orotariko Euskal Hiztegian ez da ageri horrelakorik 
--Orotarikoan, dakikezunez, tradizioan idatzirikoa dago bildurik--; 
badago, ordea, 'korpusti', baina bi adibiderekin bakarrik. Hitz bakarra, 
beraz, eta idazteko bi manera: 'gorpuzti' eta 'korpusti'. /Hiztegi 
Handia/-n ere, 'korpusti' ageri da, ez 'gorpuzti'.
Laburbildurik: --Euskalterm eta Elhuyar: 'gorpuzti'.
--Orotarikoa eta Hauta-lanerakoa: 'korpusti'.
--Hiztegi Batua: ez bata eta ez bestea.
--Ereduzko prosaren corpusa: ez bata eta ez bestea.

Orotarikoan ageri denez, 'gorputz egun' erabili da gehien egun hori 
izendatzeko: bost adibide. Tradizioan gehiago erabili da, beraz, 
'korpusti' baino. Badirudi 'gorpuzti' ez dela erabili oraintsu arte 
--zuk aipaturiko bi hiztegi horietan sartu arte, alegia--, Orotarikoan 
eta Corpusean horrelakorik ez denez gero. 'Korpus eguna' bai, ageri da: 
hiru adibide.

Hori guztia kontuan izanik erabaki genuen 'gorpuzti' kendu eta 'gorputz 
egun' jartzea.

Zergatik utzi genuen 'korpus'? Herrietako jaien izenak tokian tokikoa 
errespetatuz ematen ditugu; esaterako, toki batzuetan 'santamasak' 
ospatzen dituzte, beste batzuetan 'santomasak', eta bestetzuetan 'Santo 
Tomas eguna'. Denak erabiltzen ditugu, herri bakoitzeko erabilera ez 
desitxuratzeko. Horregatik utzi genuen 'korpus', zuk zeuk esaten duzun 
bezala Oņatin hala esaten dietelako jai horiei.

'Bestaberri' asko erabiltzen dugu BERRIAn, baina Oņatiko kontuak hizpide 
ditugula oņatiar baten ahotan jartzeko ez da hitzik egokiena, seguru 
asko, aski ekialdekoa baita.

Honaino gure arrazoibideak. Estimatzen dizut zure kezka agertu eta 
galdetu izana, eta espero dut zentzuzkoa begitantzea egin genuen 
aldaketa. Ondo-ondo izan!

Irene Arrarats
BERRIAko euskara taldearen arduraduna"
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <http://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20050608/97e4cb81/attachment.htm>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago