[itzul] ER: zehar, zeharreko, zeharrekotasun

Juan Garzia Garmendia svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Ast, Aza 30, 10:46:21, CET 2006


Nik ez zaukaat hain garbi, Xabier.

Egia duk ez duela tradizio garbirik "-n zeharreko" horrek (ez eta "-ri
begirako"k eta bestek ere), baina euskaraz hartara jo ez izanak ez dik, nik
uste, halako oinarri sintaktiko nabarmenik.

Alegia, hire arrazoibidean, "-z gero"k ere ez likek onartuko "-z geroko"
egitea. Barkatu labur beharrez ad absurdum delako prozedura erabiltzea,
baina uste diat hobe dela pentsatzea ez dela halako debeku gramatikalik, eta
bestelakoa dela kontua: alegia, euskarak ez duela jotzen esapide horretara,
besterik gabe, eta bestelako moldeak darabiltzala hori adierazteko;
nagusiki, "-n zehar egindako" edo tankeratsukoak.

Beste adibide bat jartzearren, "lehenbailehen"ek ere ez likek arazo
morfosintaktikorik "lehenbailehengo" egiteko, baina ez duk euskaraz,
oraingoz, halakorik erabiltzen.

Besarkada bat.

-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: Aixe, S. L.
Bidalia: asteazkena, 2006.eko azaroak 29 17:27
Nora: ItzuL
Gaia: [itzul] zehar, zeharreko, zeharrekotasun



Barkatuko didazu, Agurtzane, zure zalantza baliatuz aspalditik argitun
nahian nabilen neurea fobia bat hona ekartzea. Izan ere, min egiten dit
«zehar» posposizioaren eta «zehar» izenaren arteko interferentzia iruditzen
zaidan horrek.

Oker ez banabil, «zehar» posposizioa aditzondoa da, eta «poliki» aditzondoak
bezalaxe jokatzen du, hemen aztertzera natorren gaian. Hau da erabilera
zuzena:

    Mendian zehar ibili
    Mendian poliki ibili

Beste erabilera hauek, berriz, erabat okerrak:

    *Mendian zeharreko ibilaldia
    *Mendian polikiko ibilaldia

    *Mendian zeharrekotasuna
    *Mendian polikikotasuna


Nik barneratua dudan erabileran, behinik behin, halaxe da, «-n zehar»
egitura horrek ez du atzizkirik onartzen.

Beste kontu bat da «zehar galderak» edo «zeharreko galderak» («zuzeneko
galdera»ren antonimoa) egitura; «zehar», hor, izena da, eta zilegi da,
noski, «-ko» erantsita izenlagun bihurtu, eta, gero, «-tasun»ekin, atzera
izen bihurtzea. Alde horretatik, «mendian zeharrekotasuna» egitura hori
«etxean berotasuna» egituraren pareko litzateke. Eta, beraz, «mendian
zeharreko ibilaldia» esaldiak, «mendian zuzeneko ibilaldia» esaldiaren
kontrako esanahia baizik ez du, zaharrengandik jaso dudan nire erabileran.

Nolanahi ere, gustura jasoko nituzke gaiaren inguruko argitasunak. Niretzat
txundigarria eta okerra den erabilera horrek, beharbada, izango du
euskarriren bat hango edo hemengo tradizioan, edo egitura berriaren behar
gorrian.

Ondo izan,

Xabier

___________

Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Wellingtongo Dukearen kalea, 8, 1.a, 8. bulegoa
01010 Gasteiz

Tel.: (+34) 945 174 476
        (+34) 656 703 313
Faxa: (+34) 945 179 042
<aixe a bildua aixe.net>
<aixe a bildua ctv.es>






ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago