[itzul] bere/haren

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Al, Urt 19, 10:30:01, CET 2009


Zinez eta bihotzez aholkatzen dizuet, interes berezi edo morbosorik ezean,
segidakoa ez irakurtzea. Abiatuta nengoenez, hala ere, hor doa deskargazko
gogo-jardun luze noski alferrikakoa.

 Rosettakon azalpen horri helduz (osorik doa nirearen azpian):

1) Iparraldean, erabat, hor "irakaslea" adierazteko, "haren" erabiltzen da,
eta ez da beste aukerarik hizkera horretan. Galdera, jatorriz, erabilera
horren egokitasunari buruzkoa zen, eta horregatik nioen nioena "batu"ari
buruz. (Jakina, "irakaslea" "haren" anaforaren aurretik ematea hobe izaten
da, "(aurrez aipaturiko) beste norbait" adiera nagusitu ez dadin).

4) "Beraren"en erabilera praktikoaz, ikus, esate baterako, Agirre Asteasukoa
eta Elizen Arteko Biblia.

"Beraren"en (edo "haren"en) lekuan "bere" erabiltzearen
kontuan (gaztelaniazko "su" mundu guztian bere anbiguotasunez ezagunaren
ereduan), ia nonahi bila bila daitezke adibideak, nork uka, baina,
euskalki-zismara ez ezik, deseredu exonormatibora garamatza horrek (ez da
noski hori halako kasu bakarra, ez eta larriena ere), eta nik, aukeran,
nahiago, neuk harriak bertara bota baino, ahalik eta teilaturik osoenari
eutsi... euskara batu estandar formalean bederen, oraindik horretan sinesten
duenik geratzen bada. Eta, berriro diot, ez halako apeta
estilistikoz bereziki, baizik eta, erregistroak erregistro, erreferenteak
(kasu zail samarretan ere) garbi uztearren.

Beste modu batera esanda: soziologiak bere legeak ezarriko ditu noski, baina
guk geuk ere egiten ez badugu ahalegina euskara batu ahalik eta
ganorazkoenari eusteko...

Berriro ere, estranbote batekin amaitzearren (edo, beldur naiz,
jarraitzearren): "beraren" erabili gabe ere, molda gaitezke, baina, orduan,
Iparraldean "haren" eta Hegoaldean "bere" egin beharko genuke halakoetan,
berezko anbiguotasunez gainera euskalki-gorabeherari dagozkionak gehituz.
Nire ustez, irtenbide egoki(en)a da "bere" erreferentziakidetasun esturako
gordetzea (izenordain bihurkari gisa), eta aukeran uztea besteetan "haren"
zein "beraren" (edo hutsa) erabiltzea.

Azalpenak, barka, ezinbestean dira (meta)gramatikalak, baina sinpleago ere
esan zitezkeen noski: Anuntxiren esaldia zuzena zen, eta haren>bere hor
aldatzea, zuzenketa ez-pertinentea izateaz gainera, euskalki-erregistroa
lardastea da, eta, bide batez, esanahia ez bada, esana behintzat aldatzea
edo lausotzea.

Eta ez pentsa halako arazoak gutxiagotuko liratekeenik Iparraldekoen
"bitxikeriak" "behingoz ahaztu" eta (bakoitzak bereari) "geure arteko
euskara naturala" esaten diogun horrekin geratuko bagina: orduan ere batu
egin beharko lirateke, eta aukeratu, eta irazki, eta sofistikatu,
erabilerak, kultura-hizkuntza burujabe bat gauzatzekotan (eta ez oraingo
pixka-mucho itxurakeriazko honekin konformatu edo horixe areago bultzatu).
Ahalik eta bortxa gutxien eginda, baina behar den indar guztia eginda, ez
baita hizkuntzarik munduan hiztun arrunten inertzia hutsez batu eta gaitu
denik sekula. Eta (ez nuen uste berriro itzuli beharko nuenik topiko
horretara) ez lehengo baserritar ezjakina eta ez oraingo kaletar
txapurreantea (edo norbera, jatorrena izanda ere) ezin ditugu jarri euskara
batuaren eredu: soziologiak guztiok irentsiko gaitu, euskara barne, baina,
bitartean, gogor eutsi beharko genioke geure eginkizunari, testugile garen
aldetik. Eta gurea, besteak beste, euskararen ahalmena sustatzea da,
aitzakiarik eta errazkeriarik gabe: kaosa, edo edozerkeria (haien itxura),
dagoeneko ederki batu, sendotu eta nagusitu diren hizkuntzen luxua da, eta
haiek horretan imitatzea, berriz, gure galgarria, nahiz oso ondo geratzen
den itxuraren aldetik: araurik ez, inposaketarik ez... Klasikoak zioen
bezala, "nai dabenak nai dabena" egiteko agintzen digu modako soinuak; utzi
egiten, utzi pasatzen: total, ederki "ulertzen gara elkar", eta, dudan,
erdarak argitu beza.

Eta, hala ere, badirudi sintaxiarekin bakarrik garela hain anti-arau eta
desbatuzale, zeren, beste maila guztietan, aise "inposatu" zaizkigu,
batasuna arrazoi bakar, gogor askoak eta are irensgaitz samarrak, hala nola
(fonetikan) "geologia"ren ahoskera, (lexikoan) Hiztegi Batu
guztia, (morfosintaxian) ergatibo pluralen -ek, "dit"era errenditu diren
euskalki-aldaera askotarikoak... Baita, zer, eta hitanoko adizkiak, hara!
Hala, bitxikerietaraino lotuta dauzkagu alderdi formal gehienak, baina
joskera, berriz...

Ui-ui-ui, nola berotu naizen, eta noraino joan!

Tira: ea isil-barautxo batekin purgatzen ditudan jariokeriazko neure
bekatuok.Saiatuko naizela baino ezin dizuet agindu.




2009/1/15 rosetta <rosetta a bildua euskalnet.net>

> Guri oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, eta argi gera bedi: gauzak
> argitzea; euskera batua; euskera bera; gramatika (eta beste hainbat gauza).
>
>
> Ea, kasuistika:
>
> 1)  Haren aholkua entzuteko esan zion irakasleak haurrari
>
> 2) Bere aholkua entzuteko esan zion irakasleak haurrari
>
> 3) Aholkua(k) entzuteko esan zion irakasleak haurrari
>
> 4) Beraren aholkua entzuteko esan zion irakasleak haurrari
>
> Bulegokook zer ulertzen dugun:
>
> 1) Hirugarren pertsona baten aholkua
> 2) (Normalean irakasleak agintzen duelako) irakaslearena
> 3) irakaslearena(k)
> 4) ??? ez dakigu
>
>
> "aholkua entzuteko" partez, "jostailuak jaso" ipiniz gero, gauzak aldatu
> egiten dira testuinguruagatik:
>
> 1) Haren jostailua jasotzeko esan zion irakasleak haurrari
>
> 2) Bere jostailua jasotzeko esan zion irakasleak haurrari
>
> 3) jostailua(k) jasotzeko esan zion irakasleak haurrari
>
> 4) Beraren jostailua(k) jasotzeko esan zion irakasleak haurrari
>
>
>
> 1) Hirugarren pertsona baten jostailua
> 2) (Normalean) haurrarena
> 3) haurrarenak, edo lurrean daudenak; gutxiena, irakaslearenak
> 4) ??? ez dakigu
>
>
> "Amabost egun Urgain'en":
>
> Gaur amabost egun zuek bein baiņo geiagotan entzuna dezuten Pagodi zalako
> baten ixtoria berritu zan. Aren bila alegin guztiak egiteko agindu zidan…
> norbaitek.
>
> Goikoaren parekoa da esaldi hau, ezta? eta zalantzarik ez dagoela dirudi
> Pagodi dela "haren"en erreferentea.
>
>
> Kasuistika etorri behar du gramatikak eta zergatik ulertzen diren gauzak
> ulertzen diren bezala esplikatu.
>
> "Beraren" kasu honetan ez dugu ondo ulertzen.
>
>
>
>
>
>
>
>
>
>
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago