[dantzan] Iztuetaren 1824ko liburua sarean

Oier Araolaza Arrieta oier a bildua dantzan.com
Ast, Eka 10, 14:42:15, CEST 2004



Aurreko batean liburu zaharrak dituzten denda horietako batean Juan Inazio
Iztuetaren "Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia"
liburuaren argitalpen zahar bat ikusi nuen. 1895ean Tolosan egindako 2.
argitalpeneko ale bat zen. Sitsak janda zituen orri batzuk eta kontuz pasa
nituen bere orriak. Iztuetaren liburu ezagunaren beste argitalpen batzuk
baditut, baina batere ez hain zaharra, eta prezioa ere galdetu nuen. 300
euro. Ez da asko izango 1895eko liburu batentzat, baina informazio aldetik
ezer berririk ez zidala eskainiko kontuan hartuta eta orijinal bat
izatearen kapritxoa baino ez litzatekeenez, ba ez nuen erosi.

Gaur 1895eko liburu hori, digitalizatuta, aurkitu dut Interneten. Eta ez
hori bakarrik. Baita Iztuetaren Gipuzkoako dantzei buruzko lehen
argitalpena ere, 1824koa. Osorik digitalizatuta eta orriz-orri
kontsultatzeko moduan. Nik 1824koaren kopia bat badaukat, Koldo Mitxelenan
mikrofilmatuta baitago eta paperera pasatzean kopiako 10 zentimo inguru
kobratzen dituzte. Baina orain ez dago horren beharrik ere, zuzenean
Interneten sartu, eta liburu osoa inprimatu daiteke etxeko inprimagailuan.
Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Euskal Liburutegi Digitalean dago.

Azken urteotan Gipuzkoako dantzetan aldaketa eta proposamen asko egin dira
Iztuetaren liburu horretan oinarritua, eta zer esanik ez aurresku
txapelketetan. Urrats, dantza eta osagai zaharrak berreskuratzeko balio
izan dute askotan. Beste askotan, okerreko interpretazioak egin dira, eta
gainera, iturri bakar bat jainkoaren esana bezala hartzearen ondorioz,
gehiegikeriak egin dira eta egiten ari dira.

Orain, jatorrizkoa ere denok eskura dugu. Irakurtzea bakarrik falta. Baina
horretarako ez genuen orijinalaren beharrik. Irakurtzeko nik 1990ean MĒ
Jose Ezeizabarrenak prestatu eta Euskal Editoreen Elkarteak argitaratu zuen
edizioa gomendatzen dut. Gaur egungo grafiara txukun egokitu zuen testua MĒ
Josek eta samurrago irakurtzen da. Hori bai, nik ez nizueke gaztelerazko
itzulpenik gomendatuko, irakurri euskarazko, jatorrizkoa izateaz gain
fidagarriagoa baita, eta euskara aberasteko ere oso aproposa.


Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia
1824koa: http://tinyurl.com/3aynm

Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira
1895ekoa: http://tinyurl.com/3aynm

Liburutegi Digitala
http://www.euskadi.net/LiburutegiDigitala/

Liburutegi digitalaren berri eman duen Eibartarrako zerrendako mezua:
http://tinyurl.com/3czfb






Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago