[dantzan] Aurtzaka, Goierriko dantzen ikuskizuna

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Iga, Urt 9, 23:36:27, CET 2005



Ataunen izan nintzen larunbatean, Beasaingo Aurtzaka dantza taldearen 
Goierriko dantzen ikuskizunarekin gozatzen. Talde xume batekin, baina 
dantza tradizionalen ezagutza sakonarekin, antzokiaren aukerak eta 
ikuskizunaren erritmoa sentsibilitate handiz erabilita egin daitekeen 
saio on baten eredua iruditu zitzaidan Aurtzakaren emanaldia.

Dantzariek gogotsu dihardute, baina prestaketa aldetik herren samar 
daude. Bakarlari batzuk salbu, dantzari gehienek ez dute oso maila altua 
eta exekuzioa oro har ez da distiratsua. Hala ere, zuzendariak muga 
horiek ongi ezagututa errendimendu izugarria eskuratu du.

Goierriko dantzen ikuskizunaren atzean dokumentazio lan garrantzitsua 
dago. Goierrialdeko dantza tradizioa eta folklorea ondo mamitu ondoren 
prestatu du Mikel Sarriegik ikuskizun hau. Segurako prozesioko San 
Migel, Beasaingo banderaria, Loinazko ezpata-dantza, Santaneroen 
esku-dantza, Iztuetak bildutako doinu zaharrak, eta emanaldi honetarako 
propio birsortutako beste hainbat dantza eta tradizio aurkezten dira 
emanaldian. Baina ez da bilketa etnografiko aspergarri bat. Inondik ere. 
Pieza bakoitzari tonu eta erritmo egokiena aurkitu dio Mikel Sarriegik 
eta Aitor Furundarenak osatutako bikote koreografiko-musikalak. 
Mugimendu geldo eta errepikakorrak dituzten erritoak solemnitatez 
jantzita ageri dira, eta irri-dantza arruntak izan zitezkeenak dantza 
ero, bizi eta dibertigarriak gertatu zaizkit. hari sotil eta fin batek 
lotzen du dena; dantzak, taldeak, erritoak eta giroak etenik eta 
artifiziorik gabe doaz agertzen eszenatokian.

Ikerketa etnografikoetan eta historikoetan bildutako datuetatik abiatuta 
hainbat dantza birsortu ditu Sarriegik, eta horietan nabarmena da 
erakusten duen tradizio koreografikoaren ezagutza. Horren erakusgarri 
ederrena nire ustez Otsolar dantza taldeko neskatilek dantzatutako 
“sarian zunzun” sorgin-dantza da. Resurrección Maria de Azkuek Seguran 
jasotako hitz-jokoa abiapuntuan hartuta, erratzak eskuan dantzatuko dira 
sorginak, ezpata-dantzen tradizioko mugimenduekin dantza alaia osatuz. 
Hain lehor daukagun nesken errepertoriorako ekarpen gogoangarria egin du 
Sarriegi eta Furundarena bikoteak eta mereziko luke hedapena ematea. 
Emanaldi bukaeran Mikel Sarriegik jakinarazi zidan garai batean Lazkaon 
erratzekin egindako ezpata-dantzen mugimenduen datuak ere badituela.

Sarriegi eta Furundarena bikotea aipatu dut birritan, izan ere musikaren 
arduraduna da Aitor Furundarena eta lan ederra egin du. Arrunt samarrak 
gerta zitezkeen dantzei bizipoza eman die berak jarritako musikak. 
Denetarik edan du Furundak, tradizioko doinuetatik hasi eta Tapia eta 
Leturia edo Albokaren azken diskoraino. Ziur aski bere pieza propioak 
ere izango ziren asko, baina ezjakinak ezin bereizi. Batzuetan Furunda 
ganberroa nagusitzen zen –estridente samarra ere nire gusturako uneren 
batean— eta bestetan sentsibilitate handiko musikaria –txistuari 
laguntzen eta haren hutsuneak betez, edo musukitarra ondo babestuta 
eskainiz—. Musikari talde zabalak inguratzen zuen, baina soinu-jolearen 
aldean eskamentu falta nabari zitzaien gehienei. Gainontzean jantzi eta 
argiekin lan txukuna egin zela iruditu zitzaidan.

oier



Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago