[dantzan] orain 100 urte bezala

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Ost, Urt 19, 11:57:32, CET 2005



Nik irudipena daukat zikloka, boladaka gabiltzala euskal dantzaren 
munduan. Tradizioaren ondarea norberan gustura erabili, eraldatu, 
nahastu eta forma garaikideetara egokitzeko joera zabaltzen da bolada 
batzuetan. Halako batean konturatzen gara egiten ari garen horrek 
dagoeneko ez duela inolako loturarik eta antzik apur bat lehenagorarte 
indarrean izan diren tradiziozko moduekin, eta beraz, baliagarri egiten 
zituen ezaugarriak galduta, piperrik balio ez duela ohartzen gara. 
Beraz, etendako katea berregiten saiatzen gara, trakets, presaka eta 
sokorrista trajea jantzita. Ondorioz tradizioarekiko errespetu mistikoa 
nagusitzen da, baina belaunaldiz-belaunaldi tradizioaren ikuspegi hori 
ahultzen eta desitxuratzen joaten da. Halako batean, belaunaldi berriek 
ez dute erakargargarritasunik aurkitzen tradiziotzat aurkezten diren 
forma desitxuratu eta estatikoetan, eta bide berriak jorratu beharra 
sentitzen dute. Eta zikloa berriz hasten da.

XX. mendeko ibilbideak horrelako irudia eskaintzen dit niri. Gerra 
zibilaren ondotik erreferentzia gehienak galduta, unean uneko asmakizun 
eta koreografia folklorikoak sortu ziren han eta hemen. 60ko hamarkadan 
Urbeltzek tradizioaren haria berreskuratzearen aldeko joera ireki zuen, 
eta ehunka dantzari eta talde murgildu ziren bide horretatik 70 eta 
80eko hamarkadetan. Erro handirik gabeko koreografiak egiten jarraitu 
zuten talde batzuk, baina, oro har, euskal dantzaren multzo nagusia 
dantza tradizionalen sustraiak aurkitu eta haiek ahalik eta zintzotasun 
handienarekin "errepikatzera" bideratu zen.

90eko hamarkadarako ahaztuta zegoen zer nolako txepelak ziren 50-60ko 
hamarkadetako koreografia berriak. Tradizioa ulertzeko modu hertsi eta 
okerrak eremu horretan bide berririk urratzerik ez dagoela pentsarazi 
die belaunaldi gazteei. Ondorioz, berriz ere tradizioaren azaleko 
ezagutzarekin koreografia berriak eta nahasketaren bila hasi dira 
hainbat. Nire ustez tradizioaren beraren ezagutza kaskarraz gain, 
tradizioa ulertzeko modu itxi eta okerraren ondorioa da guzti hori. 
Tradizioa ez baita aldaezina, mugiezina. Tradizioa bizia da, etengabe 
aldatzen ari den prozesu kulturala. Tradizioa zerbait itxi, estatiko eta 
aldaezin bezala aurkezten badugu, hori ez da tradizioa, hori fosila da. 
Eta fosilak egiten dio kalte tradizioari, ezerk egiten badio.

Tradizioa eta berrikuntzaren arteko tentsio hori ez da dantzaren 
mundukoa bakarrik. Alor guztietan gertatzen da. Azken bi Argia 
aldizkarietan adibidez euskara eta sukaldaritzari buruzko bi 
elkarrizketatan iritzi interesgarriak irakurri ahal izan ditugu gai 
horretaz. Bata Ibon Sarasola euskaltzainarena eta bestea Hilario 
Arbelaitz sukaldariarena. "Euskara" eta "sukaldea" jartzen duen tokietan 
"dantza" jarri eta arazo beraz ari direla ikusiko duzue.

Ibon Sarasola, Argia, 2005-01-16
"Euskara ona da betiko ildoari jarraitzen diona. Guk ezin dugu hitz egin 
gure gurasoek, eta are gutxiago, gure aiton-amonek bezala, baina ildo 
berean segitu beharko genuke, ez ildoz aldatu. Aldatu aldatu behar dena, 
baina hizkuntzaren barrutik, nolabait. Euskara ona hori da, betidanikoa 
gaurko premietara egokitua. Euskara txarra da ildo horretatik atera eta 
horren ordez, ez osatzeko, horren ordez baizik, erdarazko esapideak, 
(hitzak... hor konpon) esaldiak egiteko sistemak-eta erabiltzen dituena".

Hilario Arbelaitz, Argia, 2005-01-09
"Sukaldea modernizatzea oso garrantzitsua izan da, baina modernizazio 
horretan badago arrisku bat. Lehengo oinarriari gaur egun ez zaio 
garrantzirik ematen. Horretan kulpa handia dute zenbait kazetari eta 
zenbait komunikabidek, bide bakarra dagoela jartzen dutelako, sukalde 
bat bakarrik dagoela. Eta hori ez da horrela. Sukaldea oso zabala da, 
eta sukaldeak posible du ona izan tradizionala izanik, oraingoa izanik, 
gerokoa... (...) Baina gaur egun gazte askok ikusten badute aspaldiko 
platera bat egiten ari zarela ez diote inportantziarik ematen, eta hori 
pena da. Martxa honetan ez dute lehengo sukaldea ikasiko, eta lehengo 
sukaldea ikasten ez badute lehengo oinarria faltako da. Eta lehengo 
sukaldeko oinarri hori behar da gaur egungo sukaldeko gauza berri asko 
egiteko. Hori gabe oraingo gazteak lehengoa zer den ez dakitela 
geldituko dira".

Ondo segi, oier.




Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago