[dantzan] orain 100 urte bezala

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
As, Urt 25, 12:51:26, CET 2005


Dantza tradizionalen helburua zein den zehazten hastea lan nekeza eta 
antzu samarra iruditzen zait niri. Helburua bakoitzak une bakoitzean 
jartzen duena izango da, estetikoa, sentimenduak adieraztea, gizarte 
harremanak bultzatzea... baina norberak helburu bat izateak ez du esan 
nahi gero benetan funtzio hori beteko duenik. Eta funtzioak ere 
askotarikoak dira. Aipatutako helburuez gain, dantza tradizionalak 
identitate kolektiboak sortu eta hedatzeko balio dezake, ideia 
politikoak sinbolikoki adierazteko, belaunaldien arteko transmisioa 
gauzatuz talde eta oinerdekotza sentipena sendotzeko, belaunaldi gazteak 
gizarte helduan txertatzeko,.. Eta funtzio horiek berdin eman daitezke 
plazetako dantzetan zein ikuskizunetan.

Patxik:
 > espektakuluetan helburu artistikoak eta plazetan gizarte-helburuak 
edo helburu sozialak.

Niretzat artistikoa ez da helburua, tresna baizik. Ikuskizunetan, 
lengoaia artikulatzeko erabiltzen dugun tresnetan balio artistikoek pisu 
handia dute, eta batzuetan estetika beraren bilaketak helburua dela 
pentsaraz dakiguke. Baina, helburua plazer estetiko hutsa denean ere, 
hori gauzatzeko erabiltzen diren zuntzak tradizionalak badira (eta ez 
badira ere) funtzioa plazer estetikotik haratago joango da, eta 
bestelako hainbat funtzio beteko ditu.

Bestalde, nire ustez, bi esparru horiek talde mota berarekin bultzatu 
nahi izanak ez du onura handirik ekarri. Dantza taldeak oro har 
ikuskizuna (oholtzan, antzokian edo plazan, baina ikuskizuna eta errito 
dantzak ere ikuskizun dira nire ustez) emateko sortu izan dira, eta 
halako batean plazetan jendeak dantza egiteari utzi diola ikusita ardura 
hori ere bere gain hartu dute. Eta bi lanak oso desberdinak dira. Dantza 
taldeak bi esparruak bete nahi izan ditugu, baina kontraesanak behin eta 
berriz azaleratu dira.

Orain urte batzutatik hona hasi dira sortzen plazako dantzak sustatzeko 
animatzaile espezializatuak. Nire ustez egokiagoa da bide hori. Dantza 
taldeok hobe beharrez mesede baino kalte egin dugu maiz, eta ez dugu 
dantzara jende asko animatzea lortu, akaso uxatu gehiago. Plazako 
dantzak sustatzeko dinamizatzaileak dantza taldeetatik aterako dira ziur 
aski, eta dantza taldeak prestu izan gaitezke laguntzeko, baina ez dut 
uste dantza taldeak halabeharrez horretan jardun behar dutenik.

 > Bertze aldetik, inportazioak ez dituzte egin dantza taldeek, baizik 
eta gizarteak berak. bakarrik mikusi behar dira
 > "Munduko dantzak" delakoak eta konturatuko gara folklore 
komunikazio-kanalak beti izan direla, dantza maisuen bidez,
 > merkatarien bidez, musikarien bidez... Tamalez, gutxien inportu 
dutenek dantza taldeak izan dira, nafatalinako "purismo"
 > horretan anklatuak, garai batean behintzat.

Izan ere plazako dantzek funtzionatu dutenean dantza taldeen 
eskuhartzerik gabe funtzionatu dute. Dantza taldeak desagertzen ari zen 
esparru bat salbatu nahian hasi gara, eta beldur naiz ez ote dugun 
lehenago lurperatzen lagundu.

oier.




Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago