[dantzan] Aita Gaizka Barandiaran

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Al, Urt 31, 11:50:00, CET 2005



Gaizka Barandiarani buruzko lerro batzuk idazten has ninteke ni, baina 
ez naiz horretarako egokiena, eta nik uste dut bai Joxemiel Bidador-ek 
eta bai Mikel Aranburuk askoz hobeto egingo dutela. Ea bietakoren bat 
animatzen zaigun...  Bitartean eta Dantzariak aldizkaria mintzagai 
dugunez, Dantzariak aldizkariaren 47.zkian, Emilio Xabier Dueñas-ek 
Gaizka Barandiaran-i egindako elkarrizketa irakur dezakezue.

Dantzariak aldizkariari buruz, nik dakidanez, argitaratu den azken 
zenbakia 52. da, eta hori 1995ean kaleratu zen. Badaramatza 10 urte lo 
beraz. Portzierto, azken zenbaki horretan Gaizka Barandiaran-en lan bat 
zetorren, Luzaideko dantzei buruzkoa.

Aldizkari bat izateari buruz arrazoi osoa duzu Aritz. Benetan 
garrantzitsua litzateke. Bertsolariak aipatu dituzu, baina hor daude 
baita ere txistulari aldizkaria, abesbatzena, trikitilarien 
berri-papera, Entzun musika aldizaria,...

 > Dantzariok zergatik ezin dugu horrelakorik egin?

Aldizkaria egin egin daiteke, kontua ez da hori, kontua da erosiko ote 
genukeen. Aipatutako aldizkari horien balio handiena erosleak dituztela 
da. Nik jakin nahiko nuke zenbat dantzarik duen dantzari aldizkaririk 
etxean. Edo zenbat dantzari dagoen Txistulari aldizkarira harpidetuta 
(dantzarekin lotutako artikuluak, partiturak eta albisteak argitaratzen 
dira bertan ia zenbaki guztietan). Dantzariok momentuz ez dugu erakutsi 
horrelako produktuak kontsumitzeko jarrerarik, eta beraz, zaila da ez 
dagoen irakurle bati begira inolako aldizkaririk sortzea.

dantzan.com webgunearekin hasi aurretik horrelako aldizkari bat egiteko 
asmoa izan nuen, eta lehen urrats batzuk eman ondoren ikusi nuen 
aldizkaria egitea posible zela, baina aldizkaria erosiko lukeenik apenas 
zegoela. Gauzak aldatu daitezke (eta aldatzen ari dira, ordudanik urte 
batzuk pasa baitira) eta akaso epe ertain batean posible izango da. 
Bitartean nik medio merkeago eta ez hain arriskutsu baten alde egin 
nuen, internet, eta kostatzen ari da, baina poliki poliki badihoaz 
dantzaren inguruko zaletuak dantzari buruz irakurtzera eta hitzegitera 
ohitzen. 2002an egunero 150 bisita inguru zituen dantzan.com-ek, 2003an 
280 bisita izaten zituen, 2004an 330 izan ditu, 2005ko urtarrilean 400en 
bueltan gabiltza. Bada zerbait. Noski dantzan.com-en informazioa 
pilatzen dihoa eta bizitzan behin bakarrik sartuko diren asko iristen 
dira. Adibidez Igor Yebrari buruzko informazio bila, edo inauteriak 
hitza Google-en sakatuta.

Posta zerrendan 118 kide gara orain bertan. Asko da eta gutxi da. Talde 
polita da, ia denok dantzaren inguruan interes apur bat behintzat 
badugula kontuan hartuta eta klik txiki batekin denok konektatuta 
gaudela kontuan hartuta, talde ederra da. Euskal dantzaren munduan 
milaka lagun garela eta horien arteko zati txiki-txiki-txiki bat baino 
ez garela kontuan hartuta oso gutxi da. Noski, harpidetuta egon gabe 
irakurtzen gaituen jendea ere bada, baina hala ere gutxi dela iruditzen 
zait. Askorentzat internet ez izatea da muga, beste askorentzat euskara 
ez jakitea da muga, beste askorentzat foro honen berri ez izatea, eta 
beste askorentzat interesik ez izatea. Eta beldur naiz ez ote den azken 
talde hori handiena.

Noski, dantzan.com-eko albiste laburrek ez dute zerikusirik Dantzariak 
aldizkariko ikerketa lanekin. Dantzariak aldizkarian dantzari buruzko 
albisteak eta ikerketa lanak bildu izan dira. Albisteek irakurle gutxi 
badituzte, ikerketa lanek gutxiago izan ohi dituzte, baina biak ala biak 
garrantzitsuak eta beharrezkoak dira. Nola uztartu da erronka.

oier.






Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago