[dantzan] Oteitzarenari biraka

Josu Garate Suinaga, Azurtza arkitetua a bildua dantzan.com
Al, Urt 31, 13:16:42, CET 2005


Ni neu ere izan nintzen Antzoki Zaharrean Kukai-Ttanttakaren azkeneko
lanaren estreinaldian. Orohar, gustora joan zitzaidala esan behar
ikuskizunak iraun zuen ordu bete eskasa. Tarteka txaloak bi hiru aldiz,
eta bukaeran zaparrada. Berriz atera behar izan zuten egileek jende
aurrera eskerrak ematera. Publikoan aktore, musikari eta dantzari aurpegi
ezagun asko, porzierto.
   Oteizaren hitzak, idatziak eta irudiak konhari, eta apropos sortutako
musikak lagunduta, zazpi dantzarik eman zieten forma erdiko pantailan
ikusi, entzun eta irakurtzen genuenari. Oteizaren lanaren usaina gogora
ekarriz, arbelak han eta hemen dantzarako lekua inguratuaz; lurrean
berriz, eszenaren perimetroan, zokalo antzeko batek espazioaren mugak
indartzen zituen. Omenduaren agerraldia bakoitzak, dantzariei bidea
zabaltzen zien haren hitzak interpretatze aldera, dantza tradizionalari
lotuago batzuetan eta ezkutuago bestetan. Erdi ilunpetan eta argi
fokalizatupean gehienetan, tonu malenkoniatxu batek jantzi zuen
ikuskizuna, Oteizaren berbaldi haserretu eta sentiduek sortarazten
zutenari lagun, eta publikoa orohar gustora eta irripartsu atera zen
Oteitzaren berotuek sortarazi berri ziguten sentsazioaren oiartzun.
   “OTEiHITZAri biraka” ekilibratua iruditu zitzaidan, elementu askoren
uztartze atsegina. Halakotan gerta daitekeenaren arriskuaz jabeturik,
izan nuen momentu inkomodorik begirada nora zuzendu ez nekiela, baina
egia esan gutxienekoak izan ziren, eta gertatzen zen oroz jabetzeko
paradak ondo eramanak zirela iruditu zitzaidan. Musikak eta argi jokoek,
giro homogeneoan murgildu zituzten dantzarien saioak. Azken hauen lanari
dagokiena ere, kontenitua iruditu zitzaidan, bestetan ikusi ahal izan
dugun exibizio eta luzimendu pertsonal eta dohainekorik gabea, eta hori
bada zerbait, beste zerbaiten seinale behintzat. Dantzarien maila bikaina
ez dut nik hemen deskubrituko; dantzatu zituztenak zehatz burutu zituzten
denek ere, inongo narraskeririk gabe. Beraien artean zerabilten
konplizidadea gustatu zitzaidan, asko. Dantzen edukirik ez dut
aurreratuko oraindik ikusiko duteneri sorpresarik ken ez diezaiedan,
baina  besterik bai: lehen esan bezala, dantza tradizionala oinarri zuten
dantzek eman nahi izan zieten forma Oteizaren pentsamenduari. Batzutan
kasik tradiziotik zuzenean hartutako koreografia eta mugimenduak ikusi
genituen, eta bestetan aldiz, aukera hau diluituago gelditzen zen, edota
guztiz galdua tarteka esango nuke. Azkeneko ahalegin hauek ni behintzat
lasaiago utzi ninduten. Besteek zekarten berritasunik aurkitzen ez dut
jakin izan. Prebisibleak ere gertatu zitzaizkidan pasarte bat baino gehiago
izan nituen, sarritan agertu izan den gure dantzen aberastasunaren mugak
(paradoxikoa
) behin eta berriz nabarmen utziz. Hala, dantza
tradizionalak sentimenduak adierazteko duen gaitasunaz dudak, benetakoak,
sortzen zaizkit, eta halako sentsazioa sortu zidan orohar ikuskizunak.
Boteprontoan hauxe.
   Dudarik gabe,arratsalde hartako benetako protagonista Oteiza bera bihurtu
zitzaidan, eta asmoa hori bazen behintzat, dantza, musika, argi, jantzi
eta giroak orohar, lortu zuen era atsegin batean. Alderdi horretatik
bada, zorionak eman behar deneri ere Oteizaren malaletxea eta lanaren
zati txiki bat berriz gurera ekartzearren.

Josu Garate Suinaga, Azurtza







Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago