[dantzan] Ygor Yebra

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Al, Uzt 4, 11:10:51, CEST 2005



Egunotan han eta hemen agertzen ari dira Ygor Yebraren inguruko berriak. 
Bilbon ikastaroa ematen ari dela eta datorren urterako edo eskola ireki 
nahi duela Bilbon bertan eta horretarako lokala ere erosi duela. Jon 
Mayak bisita egin zion Bilbon eta horren inguruko erreportajea 
argitaratu zuen joan den ostiralean Berrian. Gauzak argi esaten ditu 
Yebrak eta oraingoan ere ez da mutu geratu:

-  «Espero dut Euskal Herri osoan ez gertatzea Bilbon gertatzen den 
gauza bera. Hau da, izugarrizko azpiegiturak daude, baina ez dute 
edukirik. Ez nuke nahi arazo hori leku guztietara hedatzea».

-  «Bilbon, jende aurrean, azkeneko aldiz orain dela lau urte dantzatu 
nuen, eta haren aurretik ere bost edo sei urte igaro ziren berriz 
dantzatu nuen arte».

-  «2006. urteko irailean Bilbon nire eskola irekiko dut. Ez dakit 
bakarrik egingo dudan edo erakundeen laguntza izango dudan; nik aurrera 
egingo dut, eta gero norbait animatzen bada, batu dadila egitasmora».

- Bilbon eta Bizkaia osoan dantza klasikoak duen egoera «penagarria» 
dela deritzo: «Euskal Herriko egoera kaskarra da nik kanpoan ikusten 
dudanarekin alderatuta, baina Araban behintzat Kontserbatorio bat ireki 
dute eta Gipuzkoan ere mugitzen ari da zerbait. Bizkaikoa, aldiz, 
hutsaren hurrengoa da».

- «Hemen dantza egiten duen jendeak gogo handia du eta dantza asko 
gustatzen zaio, zeren ezer ez dagoen lurralde batean dantzan jarraitzea 
meritu handikoa da».
- Eskolaren egituraketa osatu gabe du oraindik. Berak zuzendu eta 
gidatuko du, baina eguneroko lanean beste irakasle batzuk jardungo dira. 
Izan ere, berak gaur egun duen dantzari jardunari eusteko asmoa du: 
«Uste dut onena dela niretzat eta eskolarentzat ere. Urrunetik gauzak 
beti argiago ikusten dira eta, gainera, zuhurrena ez da gauza guztiak 
egiten dituena, baizik laguntzaile onenak topatzen dituena. Horretan 
saiatuko naiz, jende onenarekin inguratzen».

Eskola sortzeko irrikaz
Berria, Jon Maya / Bilbo, 2005/07/01.
http://www.dantzan.com/Hemeroteka/2005-07-01_yebra




Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago