[dantzan] German Aldekoa eta Berrizko dantzariak

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Al, Uzt 4, 11:27:31, CEST 2005



German Aldekoa, Berrizko txistularia elkarrizketau nuen joan den astean 
Berriarako. Alejandro Aldekoaren seme eta bere lanaren jarraitzailea da 
German. San Pedro egunean, dantzari dantza eta erregelak egin aurretik 
egon ginen elkarrekin. Hona hemen Germanek esandakoetako batzuk:

- Dantzan ondo egiten dute. Beti dago bat edo bat pausoren batean 
ohitura txar bat hartuta daukana, eta ohitura hori kentzea kosta egiten 
da. Grabilletea, esate baterako, batzuek ez dute egiten polit-polita. 
Zirkularra izan behar da, garbi-garbia, eta ostikoka bezala egiten dute 
batzuek, baldar.

- Aldatu da, bai, dantza egiteko modua, ohitura txarrak hartu direlako. 
Grabilletearekin pasatzen da, artaziarekin ere bai. Artazia egiteko 
hemen, Berrizen, ostikoa izan behar dela esaten da. Hau da, hanka 
lehenengo jaso belauneraino, eta gero belaunetik ostikoarekin punta gora 
kolpe batean. Noski, hori minbera da, izterrarentzat gogorra da. Batzuek 
ohitura dute zuzen-zuzen, hasi barrenetik eta belaun eta guzti puntara 
zuzen jasotzeko. Hori ez da izan horrela lehen hemen, baina orain batzuk 
horrela ohitu dira eta ez zaie esaten ezer.

- Noski badaude ostikoarekin, ondo, egiten dutenak ere. Gogorragoa da. 
Ni egonda nago izter dena beltz-beltz eginda eta herrenka. Orain berotu 
egiten dute, izterra eta hankak osorik, baina gure sasoian ez zegoen 
horrelakorik. Jantzi, txilinak ipini, hartu makila eta ezpata, plazara 
irten eta gora hanka! Normala horrelakoak pasatzea. Orain beroketak 
egiten dituzte eta eskerrak.

- Dantzariei begira egoten naiz. Bata da bizkorragoa, bestea pixka bat 
geldoagoa. Dantzariak artazia bota eta nik itxoin egin behar, horrelako 
gauzak pasatzen dira. Musikari jarraitzeko belarria izango dute, baina 
beti du tankera batak edo besteak bizkorrago edo astiroago egiteko. Ni 
begira egoten naiz, bakoitzari segitzen.

- <Lehengo dantzariei buruz> Horietako batek, 70 urtetik gora ere, 
aurreskua egiten zuen eta hanka gainera gazte askok baino gorago 
altxatzen zuen. Hark bere sasoian, 20-21 urterekin, airean buelta bi 
ematen zituen. Leandro zen hura.

ĞLehen, dantzariak aukeratu egiten ziren; gaur egun, denak behar dirağ  
German Aldekoa, dantza irakasle eta txistularia
Berria, Oier Araolaza / Berriz, 2005/07/01.
http://www.dantzan.com/Hemeroteka/2005-07-01_aldekoa



Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago