[dantzan] Folklore Jardunaldiak Abadiñon

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
As, Mar 1, 00:15:59, CET 2005



Aupa Xabier eta konpainia!

Niri berriz zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan. Izan ere, azterketa 
egiteaz gain bide berriak planteatzea zen, eta lehengoan geratu ginen 
berriz ere. Diagnostikoan adostasun zabala zegoela ikusi genuen, baina 
ez genuen aukera handirik izan aurrera begirako bideak aztertzeko eta 
eztabaidatzeko. Eta denbora izan genuen horretarako, baina indarrak 
beste bide batera joan zitzaizkigun. Izan ere, oro har tradizioari 
buruzko ikuspegian bat gentozen ia denok, baina bi lagunek XIX. mendeko 
erromantikoen kontzeptu itxi eta borobilak jaurtiz behin eta berriz 
jardunaldien garapen normala oztopotu zuten. Bi pertsona hauek euskal 
musika eta dantzaren inguruan egin duten bilketa lana izugarria da, eta 
horregatik errespetuz entzuten genituen, nahiz eta gainontzekoon 
ikuspuntuarekin bat etorri ez. Eta gure indar guztiak horretan joan 
ziren, aurrera begira eman daitezkeen urratsez hitzegin beharrean 
konbentzitu ezin dena konbentzitu nahian.

Eztabaidaren funtsa hauxe litzateke. Sabin Egiguren eta Mariano 
Barrenetxeak euskal tradizioaren "benetako" eta "egiazko" forma "jator" 
eta "orijinalak" galdu ditugula esaten zuten, eta haiek berreskuratu 
behar direla. Gainontzekook (Emilio Xabier Dueñas, Pedro Elosegi, Juan 
Mari Beltran, Patxi Perez, Karlos Santxez Ekiza, Xabier Mendizabal...) 
tradizioaren ikuspegi bizia, dinamikoa izanik, bilketa eta dokumentazio 
lana oso garrantzitsutzat izanda ere, jatorrizko forma tradizional 
orijinaletan ez dugula sinesten, eta tradizioa etengabeko aldaketaren 
sinonimo dela. Eta hein handi batean (handiegian nire ustez) horretan 
joan zitzaigun eguna.

Bi ikuspegi horiek defendatzeko hamaika adibide mahairatu zituzten 
hizlariek, eta horixe izan zen niretzat aberatsena. Gogoangarria Juan 
Mari Beltranek kazetari batekin izandako elkarrizketaren inguruan 
kontatutako guztia, eta gogoan hartzekoak besteak beste Patxi Perez-ek 
dantzaren munduan izandako bizipenak, eta han eta hemengo tradizioetan 
izandako aldaketa eta bilakaren inguruan atera ziren datuak.

Aitortu behar dut halere zenbait unetan nire onetik aterata modu 
txarrean erantzun niola Sabin Egiguren-i, esandakoengatik baino, 
eztabaida bera behin eta berriz baldintzatu eta oztopatzen zuela iruditu 
zitzaidalako. Espero dut gaizki hartu ez izana.

Generoaren inguruko eztabaida azken orduan eta zeharka atera bazen ere, 
niretzat poztekoa izan zen horren inguruan nagusitu zen iritzia, eta 
tradizioaren ikuspegi zurrunena zutenak ere, gusto txarreko iruzkin 
batzuk alde batera utzita, jarrera irekia erakutsi zuten.

Ni zenbaitetan ezkor agertu nintzen, orain bost urte Ortzadar-ek 
antolatutako jardunaldietan egindako diagnostikoa berresten ari 
ginelako, eta aurrera begirako urratsik ez genuelako eman. Sukil-en 
argitaratu ziren hausnarketa haiek (Fernando Rojo eta Juamna Urruzola, 
JOse Alfonso Antequera eta Jose Patricio Aldama, Xabier Itzaina, Emilio 
Xabier Dueñas, Iñaki Irigoien, e.a-ek egindakoak) ez dutelako merezitako 
zabalkunderik izan, eta haiek errepikatzen jarraitzen dugulako. Baina ni 
baino baikorragoak baziren tartean -Juan Mari Beltran eta Xabier Etxabe 
bera ikusten dudanez-, eta beti aurrera, gutxi bada ere, baina zerbait 
aurrera egiten dela sinestu beharko dut.

Ea ez zaizkigun beste bost urte joaten hurrengo urratsa eman orduko!

oier.

xabieretxabe wrote:

>Egun on denoi!
>
>Oierren eskariari erantzunez, larunbatean Abadiñon hitz egin zenaz 
>zerbait esateko ahalegina egingo dut. Laburpena egitea ezinezkoa zait, 
>hainbeste kontu esan baitziren!
>
>Hasteko, han esan ziren kontuak publikatzeko asmoa badagoela esatea 
>komeni da; hizlariek idatzita eraman zuten esplikatu behar zutena, eta 
>grabazioak ere egin ziren mahai-inguruetan esan zena jasotzeko. 
>Bestalde, Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailaren 8. publikazioa eskuratu 
>genuen han bertan (“Jentilbaratz” deitzen dioten publikazio-sailekoa). 
>Bertan, besteak beste (buruz ari naiz eta zeozer ahaztuko zait) 
>artikulu hauek datoz: Manu Gojenolaren “Albokaren alde batzuk” (hau 
>Herri Musikaren Txokoak argitaratu zuen iaz “Herri Musika Bilduma”n, 
>hiru hizkuntzetan); Josu Larrinagaren “Asociación de Mocerías en Euskal 
>Herria” lanaren bigarren zatia, eta Jose Antonio Quijera-ren bikote-
>dantzen inguruko artikulua.
>
>Abadiñokoari dagokionez.
>
>Hasteko, aitor dezagun jardunaldien asmoa oso anbiziosoa zela: egun 
>bakarrean, folklorearen (dantza eta musika tradizionalaren) azterketa 
>egitea eta bide berriak planteatzea, lau arlo nagusitan: ikerketa, 
>irakaskuntza, dibulgazioa eta errepresentazioa.
>
>Jardunaldietan gauza askoren inguruan jardun ziren hizlariak eta mahai-
>inguruetan parte hartu zutenak. Nik, bote-prontoan, bi gauza nabarmendu 
>nahi nituzke:
>
>1. Gai batzuek pisu handiago hartu zuten (folklorearen berezkotasuna, 
>zer den autentikoa eta zer ez,...) beste batzuek baino (nesken parte 
>hartzea folklorean, jardunaldien bukaeran azaldu zen; dantza taldeen 
>egoeraz ere ez genuen apenas hitz egin). Hala ere, sintonia bazela 
>iruditu zitzaidan hizlari gehienen artean. Folklorearen egungo 
>egoeraren diagnostikoa egitean, badirudi badela kontsentso nahiko 
>zabala. Eta, gainera, badirudi aspaldiko urteetan kontu berarekin 
>gabiltzala bueltaka (han esan zutenez, orain bost urte Ortzadar-ek 
>antolatu zituen Jardunaldietan oso gauza antzekoak esan zituzten).
>2. Jende asko joan zela iruditu zitzaidan. Oiartzunen azaroan egin 
>ziren jardunaldiei buruz esan nuen gauza berak balio du orain ere: modu 
>absolutuan, dantzaren inguruan dabilen jende multzoa kontuan hartuz, 
>jende asko eta asko falta zen. Jeneralean jardunaldi hauetara etortzen 
>den jendea kontuan hartuz, ordea, bazkaltzen 30 bat lagun egotea 
>izugarria iruditzen zait.
>
>Esandakoarekin ateratzen ditudan ondorioak hauek dira:
>
>- Dantzaren eta, oro har, folklorearen inguruan, aspalditxotik zerbait 
>egiteko beharra badagoela sumatzen dut. Zerbait egite hori, oso 
>gustukoa ez zaigun egungo egoeraren diagnostiko baten ondorena da, eta 
>diagnostiko hori antzekoa da hausnarketara eta ikerketara emanak 
>daudenen artean.
>- Egia da, bestalde, ikerketaren eta (dantza-)taldeen errealitatearen 
>artean tarte handia dagoela. Hori ere agertu zen Jardunaldietan.
>- Folklorearen inguruan zerbait egiteko asmo hori kanalizatu beharra 
>dagoela, denek ikusten dute. Hori nola egin? Hortxe dago koxka. Nik 
>(beharbada optimista naiz, baina hala sinisten dut), elkarlanerako 
>borondatea ere ikusten dut askorengan. Bestalde, beharrezkoa da 
>elkarlan hori, batez ere instituzioekin zerbait egin nahi badugu.
>- Bukatzeko: Abadiñoko Jardunaldien bukaeran, elkarlanerako bidea 
>egiten hasteko deia egin zuen Josu Larrinagak, hori bultzatuko duen 
>elkartea edozein izanda ere. Nik uste Jardunaldiek emango duten frutua 
>luzarora ikusiko dugula, eta akaso horrelako gehiagoren beharra izango 
>dela zeozer egiten hasterako.
>
>Ni gustora bueltatu nintzen Zarautz aldera.
>
>Ondo izan denok.
>
>Xabier Etxabe. 
>
>
>
>  
>
>------------------------------------------------------------------------
>
>_______________________________________________
>Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:
>dantzan-leave a bildua postaria.com
>  
>




Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago