[dantzan] Claude Iruretagoiena

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Or, Mar 4, 16:07:30, CET 2005



Claude Iruretagoiena dantza-maisua elkarrizketatu du Amets Arzallus-ek 
Argia aldizkarian. Luzea eta mamitsua da elkarrizketa. Esaten dituenen 
artean niri nabarmentzekoak iruditu zaizkidan batzuk bildu ditut hemen 
baina merezi du osorik irakurtzea:

- Euskal Herrian dantza arras desantolatua da, ez da gehiago errituala, 
ez da hainbertze aldarrikapen fenomeno bat. Dantza, sinpleki, dantza 
bilakatu da, dantza arte bezala. Lehen dantza kultura zen, tradizioa, 
bizitza. Egun ez da hainbertze bizitza afera bat, ez da bizitakoaren 
kultura, ez eta kultura bizia. Ez da kantaldietan bizi, ez erromerietan, 
ez plazan, baizik eta ikuskizunetan, antzokian, kutxa beltz baten barnean.

- Egiturak sortu behar dira berriz dantzaren jabe egiteko, eta dantzaren 
jabe egitea da, bere historia jakitea, teknika jasotzea, inguruko 
teknika ezberdinak menperatzea, eta magma berri bat sortzea Euskal 
Herriko labela luketen dantzari eta estiloak sortzeko. Dantzari mamia 
eman behar zaio.

- Teknika hartu eta istorio bat idazten ahal dugu, kultua alde bat utzi, 
eta dantzari garaikideak bilakatu. Gurea aitzina egiteko lehengai ona da.

- Nik uste merezi duela musikan egiten den bezala, instrumentu 
tradizionalak eta musika garaikidea nahastea. Zeren eta beti erakartzen 
gaituzte forma berriek, eta horiei kasu egin behar zaie. Baina kasu, 
kasu egitea ez da gure soinean den kultura hori eranztea. (...) Ados 
naiz ni molde berrietatik zerbait hartzeko, baina ikusten ditugularik 
dantzari euskaldunak errusiarrak bezala dantzatzen, mundializazio hori 
ez zait polita iruditzen.

- Nik erraten dut kulturalki azpi garatuak garela. Biziki gaixtoa da, 
baina egia. Hezi behar da jendea, ikasleak behar dira hezi, kultibatu, 
eta motibazio bat sortu. Ikusleak berdin. Ikasle dantzariak behar dira, 
eta ikasle ikusleak behar dira.

- Euskal Herrian ez da dantza profesionalaren kulturarik, dantzari 
profesionala zarela erratea biziki peioratiboa da. Bereziki dantza 
tradizionalean. Dantzari naizela erran eta jendeak galdetzen du: «Zer 
egiten duzu, klasikoa ala garaikidea?». «Dantza tradizionala», nik. Eta 
orduan isildu egiten dira. Dantza tradizionala folklore bezala ikusten 
da, eta nola ez den dantzari profesionalik Euskal Herrian, baztertuak 
sentitzen gara, eta ez dugu aipatzeko gogorik ere ukaten. Bestenaz 
justifikatu beharra sentitzen duzu.

- Aspaldi amestu izan ditugu Juan Antonio Urbeltzekin eta bertze 
batzuekin formakuntza proiektu batzuk, bederen pilotuak, hastapenerako. 
Dantza tradizionalean sakonduko lukete, dantza euskaldunaren historian, 
eta aldi berean ikasiko lituzkete dantza klasikoaren eta garaikidearen 
teknikak, antzinako dantzak eta abar. (...) Baina horretarako sostengu 
beharra dugu, antolaketa baten beharra, orain duguna kaosa baita. 
Dantzak Euskal Herrian kaos totala bizi du. Eta dantzariak teknikoki 
gero eta txarragoak dira, ez dutelako interesik dantzara dedikatu eta 
inguruko guztia alde bat uzteko, sakrifikatzeko.

-  Baina zoritxarrez, maiz, kultura gutxien duen jendea politikariak 
dira. Kulturan duten ezagutza oinarrizkoaren azpitik dago. Beraz 
hautetsiekin dantzaz edo jantziez mintzatzea aski zaila da. Bertze 
nolazpait konbentzitu behar dira. Ikuskizunak egin behar ditugu, baina 
ikuskizunak egiteko ere sosa behar da, dantzariak behar dira, teknika 
behar da, eta deus gabe hemen ari gara borobilean itzultzen.

- <Euskal balet nazionalari buruz> Beharrezkoa da? Eta zer da Euskal 
Herriko balet nazionala? Zer sartuko genuke? Ukana dugu jadanik Euskal 
Herriko balet nazional pribatu bat, Urbeltzek egin zuena. Onartu edo ez, 
dantza tradizionalaren Balet Nazional moduko bat egin zuen, eta biziki 
pozik naiz parte hartu izanaz. Niretzat esperientzia handia izan zen.

- Erabaki genuen Frantziako fandango txapelketan parte hartzea, 
sinpleki, irabazi eta saria hankaz gora botatzeko. Politikoki ez genuen 
hori zuzen ikusten. Udan zen txapelketa, folklore hutserako, turistei 
begira antolatua, ondradua ez zena gainera. Euskal Herriari irri egiten 
zitzaion, eta irri egiten zitzaien turistei ere. Beraz, serioski 
prestatu genuen gure parte hartzea, irabazi, eta saria errefusatu genuen.

- <Txapelketei buruz>: Niretzat ez dute inongo funtziorik. Ez bederen 
ebaluaketa baliorik. Momentuz ez dugu jendea ebaluatzeko bitartekorik, 
ez baitugu bitartekorik formatzeko ere. Nola ebaluatuko ditugu ez baldin 
badira formatuak? Gurdia idien aitzinetik ematea da. Ez ditugu formatu, 
eta ebaluatuko ditugu?

Elkarrizketa osoa hemen:

«Euskal Herrian dantzak kaos totala bizi du»
Claude Iruretagoiena Argia, Amets Arzallus, 2005/03/06.
http://www.dantzan.com/Hemeroteka/2005-03-06_claude





Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago