[dantzan] XXI. Folklore Jardunaldiak

Ortzadar ortzadar a bildua ortzadar.org
Lar, Maiatza 7, 13:49:51, CEST 2005


XXI. Folklore Jardunaldiak
ESKULANGINTZA XXI. MENDEAN
Iruņea, 2005eko azaroaren 15-18
 

Jardunaldien XXI. edizioan Kultura Tradizionalaren alderdirik adierazgarrienetako bat landuko dugu: eskulangintza. Bertan elkartuko dira industrializazio prozesuak hasi zirenetik kultura tradizionalak orokorrean bizi dituen arazo eta itxaropenak. Elkartuko dira, beraz, arlo tradizionalaren atzerakadaren eta etorkizunean bizirauteko dituen aukeren arazo eta itxaropenak ere.

Jakin badakigu alor zabalari buruz ari garela; bertan definizioak irekiak dira, eta askotan eskulangintzaren ezaugarrietako baten araudiak bultzatzen ditu: produktuen atzean jarduera ekonomikoa dugu. Baina, orokorrean, definizio horiek balio artistiko edo herrikoia duten ondasunak "sortzeari, ekoizteari, zaharberritzeari edo konpontzeari buruz" mintzo dira. Eta alderdirik nagusiena banakako ekoizpena izan behar duela azpimarratzen dute, bai prozesuan bai amaierako produktuan ere, industria ekoizpenetan gertatzen ez den moduan. 

Mota horretako definizioak, eta baita beste batzuek ere, jardunaldi hauetan jaso nahi dugun arazora garamatzate zuzen-zuzenean. Lehenik eta behin, dikotomia baten aurrean gaude: artea eta artisautza, artistak eta artisauak, arte ekoizpena eta artisautzako ekoizpena. Mundu antagoniko horretan distantziak txikitzen joan dira gizartearen balorazioari dagokionez, eta gaur egun "artisau" etiketa prestigio edo izen oneko etiketa da, balorea duen egiteko moduaren etiketa, eta horretara hurbiltzen dira mota guztietako ekoizpen eta enpresak: "artisau" izenak elikadurako sektoreko alor handiak kalifikatzen ditu, esate baterako. Baina, era berean, artearekiko distantzia mantentzen da oraindik ere, eta horrekin batera, modu batez edo bestez, eskulangintzaren balioa gutxitzen duen ikuspegi hori. Kultura hegemoniko edo nagusiaren aurrean kultura tradizionala bigarren mailan dagoela geratzen da agerian, batzutan "artisautza tradizionalari eta artisautza artistikoari" buruz edo "balio artistikoaren arabera eta balio tradizionalaren arabera" ekoiztutako ondasunei buruz mintzo diren artikulu horietan islatzen den bezala. Balio tradizionala eta funtzionala ere bereiztu izan dute batzutan.

Balio funtzional hori pixkana galtzea da, hain zuzen ere, gaur egungo eskulangintzaren ezaugarrietako bat. Edo, beste modu batez esanda, erabilera tradizionalaren balioaren galera, beste funtzio batzuen mesederako; horrela, funtzio berri horiek sendotuz joan dira artisautzako ekoizpenetan, eta horiek dira, orain, kontsumitzaileak erakarriko dituztenak: tipikotasunaren bila dabiltzan turistak, bildumagileak, nortasun-adierazpenen bila ari diren bertako kontsumitzaileak, enplegu-sorguneak bilatzen eta arautzen ari diren agintariak. Artisautza trukerako objektu bilakatu da; eta bere balioa erabileratik baino gehiago ekoizpen prozesu berezi baten balio erantsitik datorkio.



Baina eskulangintzaren mundua oso zabala da: beste jarduera nagusi bati ekonomikoki laguntzeko lanak nahiz historikoki araututako eta jarduera nagusia osatzen duten ogibideak; bai transmisioaren aldetik bai sormen lanaren aldetik tradizioan errotutako jarduerak nahiz modu batez edo bestez tradizio horretatik kanpoko eta tradizioarekin loturarik ez duten sormen ereduak dituzten jarduerak; merkatura ateratzeko zailtasun handiak dituzten artisau-tailer txiki horiek nahiz benetako artisau-industria deslokalizatu horiek, "beste artisautza" batzuen merkatuak hartzen dituztenak. 

Jardunaldi hauetan aztertzeko proposatzen ditugun gaiek definizio hauetan eskulangintzaren eta bertako harremanen ezaugarri gisa azaltzen diren lau elementu aipatuko dituzte: eskulangilea, eskulangintzaren kontsumitzailea, eskulangintza ekoizpena eta eskulangintza bera, kultur eta gizarte kategoria gisa. Ez gara artisautzako produktuen azterketa morfologikoen bila ari. Elementu horiek aurrean dituzten bideak aztertu nahi ditugu, aurrera jarraitu ahal izateko alor guztietan hartzen diren erabakien zergatiak, lana uzteko arrazoiak, definizio ekonomikotik haratago, definizio soziokultural bat egiteko aukera.

 

Lanen aurkezpena
Jardunaldiak antolatzen dituen batzordeak txosten nagusi batzuk eskatu ditu, baina gainera interesik duen orori gonbitea egin nahi dio bere lanak, argitaratu gabekoak, aurkez ditzan. Egileek uztailaren 31 baino lehen bidali beharko dute proposatutako lanaren izenburua eta laburpen txiki bat. Gainera egilearen edo egileen izenak, lanbidea edota titulazioa eta harremanetarako datuak  (helbidea, telefono zenbakia, faxa, helbide elektronikoa) erantsi beharko dira. Behin betiko testua urriaren 10a baino lehen bidali beharko da euskarri informatikoan (Word bertsioan), eta gehienez ere 15 orrialde izan beharko ditu. Horrekin batera 15-20 lerroko laburpen txikia bidali beharko da, testuan erabilitakoa ez den beste bi hizkuntzatan. Batzorde zientifiko batek lanak baloratuko ditu eta proposatutako gaiari egokitzen zaizkion erabakiko du, lana onartzeko eta ondoren argitaratzeko aukera izateko. Jardunaldiak Iruņean izango dira 2005eko azaroan eta publikoarentzako zabalik izango dira. Horretarako izena ematen ahalko da Jardunaldietako Idazkaritzara joz. 



Ortzadar kultur Elkartea Iruņean sortu zen 1974an herri musika eta dantza talde gisa, kultura tradizionalaren ikerketa eta zabalkundea helburu nagusi izan dituelarik. 30 urte hauetako epe honetan dantza eta musika ikuskizunen alorrean etengabeko jarduera izateaz gain, 1984.urteaz geroztik, folklorezale eta ikerlarientzat urteroko jardunaldiak antolatu ditu. 1995ean gure argitalpen ildoa ireki genuen aipatu jardunaldietan aurkeztutako lan garrantzitsuenak argitaratuz, besteak beste. Elkarte askea da gurea, irabazi-nahirik batere gabe, orain dela 20 urte baino gehiago Iruņeko Udalarekin eta Nafar Gobernuko "Bianako Printzea" Erakundearekin lankidetza akordioak dituena. Halaber, Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide da.

 

Folklore Jardunaldiak 
Jardunaldi hauen helburu nagusia Kultura Tradizionalaren alderdi guztien ikerketan sakondu eta hura zabaltzea da, eta aldi berean, ikerkuntza eta azterketa horiek aurkeztu eta eztabaidatzeko batzar edo topaketa batzuk eskaintzea. Ortzadarren Folklore Jardunaldiek zientzia erkidegoan eta gai hauetan zaletuak direnengan ospea eta izen ona lortu dute aurkeztutako lanen jarraikortasun eta  mailarengatik. Edizio bakoitzean gai bakarreko ikerketa egiten da, azpimarragarri dira adibidez, honakoak:

"Gizarte dantzak", "Festa tradizionala eta hiri kultura", "Folklore eta herrien nortasuna", "Emakumea kultura tradizionalean", "Mito, erritu eta sineskeriak", "Herri sendagintza", "Janzkera", "Ahozko transmisioa", "Materiagabeko ondare kulturala" "Jatorrizko eraikuntza",...

                Partaide gehienak  gure ingurune geografikotik badatoz ere, beste herrialdeetako partaidetza ere izan dugu, hala nola, Aragoi, Katalunia, Gaztela edota Kanariak. Partaideen zerrenda luzean beren lan zientifikoari esker izen eta ospe handiko jendea aurkitzen ahal dugu, bai eta ikertzaile gazteak ere. 

 

                Jardunaldietan aurkeztu diren lanak Eusko Ikaskuntzako Folklore Saileko hirugarren liburukian argitaratu dira, 1986 eta 1993 bitartean "Bianako Printzea" Erakundeko "Nafarroako Etnologia eta Etnografia  Kuadernoetan", eta ondoren, "SUKIL, kultura tradizionalaren gaineko kuadernoak"-en lau aleetan, Ortzadarrek berak argitaratuak 1995tik aitzina. Datozen jardunaldietan aurkeztuko diren lanak batzorde zientifiko batek hautatuko ditu, Sukilen bostgarren liburukian bilduko direnak.

 

 
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20050507/d8aa6350/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago