[dantzan] Dantza historikoa eta dantza tradizionala

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
As, Maiatza 24, 11:10:54, CEST 2005



Aipatu genuen "Le Basque" izeneko ikuskizuna aurkezten zela orain egun 
batzuk Errenterian, Musikasten. Aurkezpen albistean "dantza historikoa 
eta dantza tradizionalaren arteko uztarketa da Le Basque" esaten zen. 
Joan den ostiralean emanaldiari buruz Jon Mayak idatzitako artikulua 
argitaratu zen Berrian. Paperean irakurri nuen, baina interneten ez nuen 
aurkitu eta horregatik aipatu gabe izan dut orain arte.

Hona artikuluan esaten direnen artetik nabarmentzekoak iruditu zaizkidanak:

- "Peio Otanok dantza historikoaren alorrean egiten duen lana berezia 
da, zalantzarik gabe. Segur aski, Euskal Herrian lan horretan aritzen 
den bakarra edo bakarretakoa izango da, eta berak egiten duen lana zinez 
interesgarria da. Dantza barrokoa edo historikoa -berak nahiago du 
horrela izendatzea- lantzen du, eta horretan oinarrituta sortzen ditu 
ikusgarriak".

-  Otanoren hitzak: «1995. urtean Belgikara joan nintzen, flauta 
ikastaro bat egitera. Han, musikarientzat prestatutako dantza ikasgai 
bat genuen, eta bertan ezagutu nuen lehenengo aldiz dantza historikoa. 
Berehala konturatu nintzen ordura arte nik egindakoarekin harmean estua 
zuela; hau da, euskal dantzekin antzekotasunak bazituela».

- "Dantza akademikoaren hastapenetako urratsak izanda ere, Otanok herri 
dantzaren tankera hartu zien XVII. zein XVIII. mendeetako dantza hauei. 
«Dinamika aldetik herri dantzekin parekotasun handia dutela iruditzen 
zait, eta uste dut ni horregatik sartu nintzela horren azkar horretan»."

-  "Humboldt, Albeniz eta Iztuetaren koadernoetatik hartutako doinu 
ugari azaltzen dira, eta Gipuzkoako zein Zuberoako dantzen keinu guari 
ere bai. Esanguratsuak dira, adibidez, Zuberoako Godaletaren doinuaren 
inguruan bi dantzariek osatutako mugimendu jostagarriak eta musikariek 
egindako moldaketa ederra".

Bai, niri ere alor hori oso interesgarria iruditzen zait eta horren 
inguruko kontu batzuk aipatzera nator orain.

Otanok lantzen duen alorra Barrokoari dagokiona dela dirudi. Horrez gain 
uste dut oso kontuan hartu beharrekoa dela berpizkundea. Hain zuzen ere 
dantza historikoaren alorrean dagoen joera indartsuenetako bat Rendance 
bezala ezagutzen dena da, alegia Renaissance Dance. Batez ere XV eta 
XVI. mendeko dantzak ditu aztergai joera horrek, baina baita XVII. 
mendekoak ere (berpizkunde berantiarra deitzen diote) eta euskal 
dantzariontzat oso hurbilekoak gertatzen zaizkigun hainbat osagai aurki 
daitezke bertan. Idatzitako iturrietatik abiatuta mende horietako 
dantzak berreraikitzen saiatzen dira Rendance munduko ikertzaile eta 
dantzariak. Lan zaila da, idatzitako testu batetik dantza oso bat 
berreskuratzeko ahalegina egin duen edozeinek dakien moduan. Baina alor 
horretan dabiltzatenek badakite idatzizkoaz gain badaudela dantzak 
osatzeko beste iturri batzuk ere. Horietako bat dantza tradizionalak 
dira, jakina baita gorteetako dantza ohituretan galdutako osagai askok 
herri tradizioetan iraun dutela. Horregatik, Ingalaterrako morrisak, 
Italiako tarantella eta Balkanetako eta Greziako dantzak iturri 
garrantzitsutzat dituzte. Eta baita euskal dantzak ere. Adibidez 
Frabritio Carosok dantza-maisu italiarrak 49 dantzaren deskribapenak 
argitaratu zituen 1600. urtean. Julia Sutton Rendance espezialistak 
itzuli du ingelesera eta hona zer dioen hitzaurrean:

"...the visual and kinaesthetic similarities between the footwork 
described by the Italian manuals and current Balkan and Greek dance 
steps are too strong and obvious to be ignored; but the most vivid 
resemblances exist in the virtuosic male techniques of Basque dance." 
Julia Sutton, /Courtly Dance of the Renaissence. A New Translation and 
Edition of the "Nobiltą di Dame" (1600) Fabritio Caroso/, 29. orr.

Alegia, Italiako dantza-manualak eta gaur egungo Balkanetako eta 
Greziako dantzetako urratsen arteko antzekotasunak oso handiak direla, 
baina zerbaitekin antzekotasun handiak baldin badaude euskal dantzetako 
teknika birtuosoarekin dela. Noski, ez dago Estatu Batuetako adituek 
esan arte zain egon beharrik. Nahikoa da Juan Esquivel y Navarroren 
1642ko "Discursos sobre el arte del danzado" liburua irakurtzen hastea. 
Iztuetaren lanak piskat ezagutuz gero harrigarria gertatzen da bien 
artean behin eta berriz agertzen diren antzekotasunak. Eta noski, 
zenbaitetan hain ulergaitz gertatzen den Iztueta bera ulertzeko klabeak 
hasiko da aurkitzen irakurlea han eta hemen.

Azkenean ohartuko gara Iztuetak esaten dituen guztiak behar bezala 
ulertzeko ezinbestekoa izango dela Esquivel y Navarro, Caroso eta 
rendance-ko beste hainbat iturri behar bezala ezagutzea. Alperrik da 
Iztuetan liburuari berrogei buelta ematea, beste iturri horien 
eskaintzen dituzten klabeak ezagutu gabe inoiz ez baikara behar bezala 
ulertzera iritsiko. Noski, Juan Antonio Urbeltz-en "Bailar el Caos" 
irakurri duenari hau guztia zaharra irudituko zaio. Izan ere, orain 10 
urte eskaini baitzigun lan hori eginda Urbeltzek. Noizbait egin beharko 
dira banan-banako azterketa zehatzak, dantza historikoaren dantza-manual 
horiek euskal dantzarion ikuspegitik aztertutakoak, baina bitartean 
anabasa honetan ez galtzeko, eta oinarrizko ideia batzuk argitzen 
joateko ezinbesteko lana eskaintzen du Urbeltzek. Domenico de Piacenza, 
Thoinot Arbeau, Cesare Negri, Fabritio Caroso, Esquivel y Navarro, eta 
abarren lanak aipatzen ditu Urbeltzek eta Iztuetaren lana ulertzeko 
klabeak ematen ditu.

Gipuzkoako urratsen sistematizazioaren inguruan zenbait lan egin dira 
azken urteotan. Urbeltzen gidaritzapean Ikerfolk elkarteak "Jira galdua" 
aldizkarian argitaratutakoak eta ikastaroen bidez hedatutakoak dantza 
historikoen azterketa horiek ere izan dituzte oinarrian beste osagai 
batzuekin batera. Buruan Iztueta bakarrik duenak nekez ulertuko ditu hor 
egiten diren proposamen batzuk testuinguru guztia kontuan harturik gabe.

Dantza historikoa dantza tradizionala osatzeko eta borobiltzeko 
erabiltzen du Urbeltzek. Dantza tradizionala dantza historikoa osatzeko 
eta borobiltzeko erabili du Peio Otanok. Norabide batean edo bestean, 
gehiago ibili beharko genukeen errepide erakargarria dela iruditzen zait 
niri.



Hemen Berrian argitaratu zen artikulua:

Dantzaren jatorrietara
Peio Otanok eta Erregelak taldeak dantza historikoan oinarritutako 
ikuskizun bat estreinatu berri dute Musikaste jaialdian: 'Le Basque'
Berria, Jon Maya, 2005/05/20.
http://www.dantzan.com/Hemeroteka/2005-05-20_basque


Ondo segi, oier.

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20050524/23d93065/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago