[dantzan] Euskal dantza irakaslea Musika Eskolan

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Al, Maiatza 30, 11:03:18, CEST 2005



Orioko Udalak lehiaketa librea deitu du Danbolin Musika Eskolako 
irakasleak ordezkatzeko zerrendak osatzeko. Flauta, Saxoa, Klarinetea, 
Perkusioa edo Biolineko irakasleei zuzenduta dago, baina baita Euskal 
Dantza ere.

Aurrekoan BilbaoMusikako deialdia aipatu genuen. Interesgarria iruditu 
zitzaidan dantza tradizionaleko irakasleei begira egokitutako deialdia 
baitzen. Izan ere, beste musika alor horietarako irakasleek izan behar 
duten titulazioa zehaztuta dago, baina euskal dantzari buruzko 
titulaziorik ez dagoenez zer eskatu behar zaio euskal dantza irakasle 
bati? Bilboko Musika Eskolan ikusi denez hautagaiaren ezagutzak eta 
prestaketa neurtzeko hainbat proba prestatu dituzte. Orioko deialdi 
honetan ez da zehazten zer eskatzen zaion euskal dantzako irakasleari. 
Deialdian hauxe esaten da bete behar diren baldintzen atalean: "Erdi 
mailako musika irakasle edo maila berdineko titulua edo eskubideak 
ordainduta izatea edo instrumenturako gaikuntza izatea". Baina euskal 
dantzako irakasle titulorik ez dago.

Egoera bitxia da benetan, eta uste dut gero eta gehiago konplikatzen 
joateko arriskua dagoela lehen bait lehen euskal dantzako irakasle 
titulaziorik sortzen ez baldin bada. Horretarako ahaleginak egin izan 
dira Jaurlaritzarekin baina, orain 7-8 urte proposamen bat adostu eta 
planteatu zen Jaurlaritzak berak bultzatuta, baina ez da ezer egin.

Demagun Orioko lanpostu horretara bi lagun aurkezten direla, bata euskal 
dantza tradizionalaren irakaskuntzan eskarmentu handikoa eta bestea 
dantza klasikoko tituluduna baina dantza tradizionalaren ezagutzarik 
gabekoa. Nor izan behar da irakaslea?

Portzierto, inork interesik badu ekainaren 17rarte aurkez daitezke 
eskabideak Orioko Musika Eskolan:

Danbolin Musika Eskolan ordezkapenak egiteko zerrenda
http://www.oriora.com/News/1117107604

Oinarriak eta eskari orriak PDF formatuan.
http://www.oriora.com/Kultura/Musika/deialdiadanbolin.pdf



Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago