[dantzan] Hitzaldiak - Nafarroako EDB

aritz a bildua dantzan.com aritz a bildua dantzan.com
Ast, Aza 9, 11:36:12, CET 2006


Kaixo denoi,

Iaz hasi ginen Nafarroako EDBn hitzaldi sortatxoa prestatzen. Dantzarien
eta dantzariendako jotzen duten musikarien formazioa funtsezkoa iruditzen
zaigu. Iazko hitzaldiek erantzun on xamarra izan zuten eta aurten
errepikatzea erabaki dugu.

2 multzotan banatuko ditugu hitzaldiak. Datak tarteko (Nafarroan zubi
forala dugu-ta) azaroan 2 hitzaldi izanen ditugu eta gainontzekoak
urtarrilerako utziko ditugu (izanen duzue horien berri).

Hartara, azaroako hitzaldiak 2 hauek izanen dira:

- Azaroak 18:  "Gipuzkoako dantzak, dantza maisuen ondarea" eta "Arrateko
Amaren dantzak. Tradizioa berri bat abiatzeko esperientzia bat", Oier
Araolaza-ren eskutik. Gipuzkoako dantza tradizioa bere testuinguan
kokatzeko ahalegina izango litzateke saio hau. Dantza maisuen tradizioaren
nondik norakoak identifikatzen saiatu eta azken 3 mendetan dantza tradizio
berezi horren transmisioan erabateko eragina izan duen figura horri buruz
zerbait gehiago ezagutzen ahaleginduko gara.
Ordu bateko 2 zatitan banatuta egonen da, tartean atsedenalditxoa egonen
delarik. Arratsaldeko 5etan izanen da, EDBren Nafarroako egoitzan
(Descalzos 72 Bis 31.001 Iruņea).

- Azaroak 25: “Dantzaren erreforma Euskal Herrian” Joxemiel Bidador-en
eskutik. Bilboko Udalaren Kultura sailak antolatzen duen Miguel de Unamuno
VI. saiakera saria jaso zuen 2005ean Joxemiel Bidadorrek izenburu
berarekin idatzitako liburuak. XVI-XX. mende bitartean Euskal Herrian
dantzaren erreformaren inguruko datu bilketa zabal eta analisi zorrotza
egin ditu liburuan eta horretaz mintzatuko zaigu.
Arratsaldeko 5etan izanen da, EDBren Nafarroako egoitzan (Descalzos 72 Bis
31.001 Iruņea).

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

Nafarroako EDB.




Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago