[dantzan] Iztueta, efemeridea

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Ost, Aza 29, 14:57:31, CET 2006



Berriatik idatzi didate (Sagutxoren batek bidali al die mezua?) 
Iztuetaren inguruko datuak nondik atera dituzten azaltzen. Hauxe diote:

----------
Efemeridea egiteko Iztuetari buruzko datuak Harluxeten webgunetik atera 
ditugu. Ez zeuden lerro asko, eta agian ez dugu asmatu oso ondo 
definitzen. Hau da zehazki Harluxeten datorrena:

Euskal idazle gipuzkoarra (Zaldibia, 1767-1845). Zerga-biltzailea eta 
kartzelako zuzendaria izan zen. Lapurreta bat leporatuta 1801-07 
bitartean kartzelan egon zen. Frantsesen inbasioaren garaian 
afrantsesatua izan zen. Euskal dantzak galzorian zeuden garaian 
berreskuratu egin zituen; Donostian dantza-taldeak sortu eta honako 
liburuak idatzi zituen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo 
historia beren soņu zar eta itz-neurtu edo versoaquin (1824) eta 
Euskaldun anciņa anciņaco (1826). Larramendiren belaunaldia deitu 
izanaren partaidea izan zen eta Larramendik proposaturiko neologismo 
ugari erabili zituen bere idazkietan. Euskal Herriaren historia, 
folklorea eta kultura ondo ezagutzen zituela erakutsi zuen lan hauetan: 
Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (1847).
---------

Hauxe da nik erantzun diedana:

---------
Ez nuen Harluxeteko testu hori ezagutzen, eta hori irakurrita ondo 
ikusten da nondik laburtu duzuen efemeridea. Pena da, Harluxeteko hori 
ere ez baitzait oso egokia iruditzen. Baina hori ez da zuen errua, noski.

Harluxeteko hasierako "Zerga-biltzailea eta kartzelako zuzendaria izan 
zen" hori adibidez, ez zait inondik inora aproposa iruditzen. Izan ere, 
ez dago oso argi zenbateraino bete zituen kargu horiek Iztuetak. Esate 
baterako, kartzelako zuzendari izateari buruz, ordainketa agiri soil 
batzuk daude, lehen karlistadaren garaikoak, Iztuetak Korrijemenduko 
Alkaide izateagatik kobratutako diruen berri ematen dutenak. Baina ez da 
horri buruz askoz gehiago bildu, eta aurretik eta ondoren izan zituen 
zereginak kontuan hartuta, gehienez jota eta horretan aritu zela ontzat 
emango bagenu ere, lanbide horretan karlistada gerraren lehen urtea edo 
asko jota bi urte emango zituela dirudi. Beraz 78 urteko bizitzan 
denetarik egin zuen gizon baten jardunetik garai labur eta berezi (gerra 
garaia zen) batean izan zuen okupazio bat nabarmentzea arraro samarra 
gertatzen zait. Are gehiago kontuan izanda zeregin horrek ez duela 
inolako zerikusirik Iztueta famatu zuten ekarpenekin. Hau da, ez zait 
iruditzen Iztuetari artikulu bat egin ziotenik Harluxeten eta hainbat 
euskal entziklopedietan "zerga biltzailea eta kartzelako zuzendaria" 
izan zelako. Dantzaren, historiaren edo literaturaren alorrean egindako 
lanengatik da ezaguna Iztueta, eta pentsatzekoa da horregatik merezi 
izan duela.

"Euskal dantzak galzorian zeuden garaian" horrek ere zer esan asko eman 
diezaguke, kontzeptua bera eta balorazioa, biak baitira eztabaidagarriak 
nire ustez, baina efemeride batek ez du horrelako erretolikarik merezi, 
beraz beste baterako utziko dugu.

Eskerrikasko idazteagatik eta barkatu txapa,
-----------

oier


Oier Araolazak idatzi du:
> Gaurko Berrian efemerideen atalean aipatzen da gaurko egunez jaio zela 
> 1767. urtean Juan Ignazio Iztueta. Benetan bitxia iruditu zait Iztueta 
> nor izan zen azaltzeko idatzi dituzten lerroak. Nor izan zen Iztueta? Ba 
> kartzelero bat, lapurretagatik kartzelaratua, eta dantza talde batzuk 
> sortu zituena...
>
> Hauxe da zehatz mehatz Berriak jasotzen duena:
>
> ***
> *1767.* Juan Ignazio Iztueta euskal idazlea jaio zen, Zaldibian 
> (Gipuzkoa). Kartzelako zuzendaria izan zen, eta lapurreta bat leporatuta 
> 1801-1807 bitartean kartzelan egon zen. Euskal dantzak galzorian zeuden 
> garaian, dantza taldea sortu eta Euskal Herriko historia eta folkloreari 
> buruzko lanak egin zituen.
> ***
>
> Iztuetari buruz bi lerro idazten jarrita zerbait dotoreagoa ere egin 
> zitekeen. Portzierto, nik ez dut gogoratzen inon irakurri izana Iztueta 
> kartzelako zuzendaria izan zenik. Norbaitek ba al daki nondik atera den 
> datu hori?
>
> oier.
> _______________________________________________
> Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:
> dantzan-leave a bildua postaria.com
>
>
>   




Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago