[dantzan] Ortzadar - Folklore jardunaldiak

Ortzadar ortzadar a bildua ortzadar.org
As, Eka 3, 20:11:49, CEST 2008


Kaixo,
Honekin batera Ortzadar Elkarteak antolatzen dituen Folklore Jardunaldien 
aurkezpen-zirkularra bidaltzen dizugu. Jardunaldiak 2008ko azaroaren 12 eta 
14a bitartean izanen dira Iruņean. Jardunaldiak antolatzen dituen batzordeak 
txosten batzuk eskatu baditu ere, interesik duen orori gonbitea helarazi 
nahi diogu bere lanak, betiere argitaratu gabeak, aurkez ditzan. 
Txosten-egileek uztailaren 31 baino lehen bidali beharko dituzte 
proposatutako lanaren izenburua eta laburpena.

______________________________________

FOLKLORE JARDUNALDIAK
FOLKLOREA ETA MERKATUA
Iruņea, 2008ko azaroaren 12 - 14a
Merkatua egungo paradigma menperatzailea da, eta hala, gizarteko jarduera 
guztiak edo ia guztiak merkatuak zehazten eta markatzen dituen 
errentagarritasun-parametroetatik pasatzen behartuta daude. Honela, ohitura 
edo kultur adierazpen bat desagertzear denean (edo beste batek ordezkatzear 
denean) merkatuarekiko egokitasun eza hartu behar dugu arrazoitzat, 
lehiakortasun falta bat da, alegia. Noski, garbi da ezin mintza gaitezkeela 
alderdi ekonomikoaz soilik.

Baina hala ere folkloreak, bere adierazpenek eta eragileek, oro har, gaur 
egun dituzten inplikazio ekonomikoak ezin ditugu saihestu. Eta hau da hain 
justu XXIV. Folklore Jardunaldietan landuko dugun gaia.

Tradizio kulturak egungo ekonomian duen esku-hartzea zabala da, eta delako 
kultura tradizional horri emanen diogun definizioaren araberakoa izanen da 
ia esklusiboki, kulturak bizitzaren alderdi guztiak ukitzen dituela jakinik 
ere (baita ekonomikoa).

Artisauak eta artisau ekoizpenak, folklorearen edozelako alderdiren ikerketa 
eta zabaltze-jarduerak, hartan ari diren erakundeen bizirautea, turismoaren 
sustapen-kanpainak, kultura-paisaien mantenua (bai sortuak, baita 
 "naturalak" ere)... hauek denak gizartearen alderdiak dira, folkloreari 
lotuta daude, jarduera ekonomiko baten subjektu dira, diru-laguntzaz ala 
gabe, eta garrantzia erlatibo bat dute.

Zenbait landa-guneko garapen ekonomikoa euren tradizioekoizpenen 
erakargarritasunean funtsaturik daude: eraikinen edertasuna, sortutako 
paisaiak, tokiko jaiak... Horrek guztiak ekonomikoki eragina dakar.

Folklorean sektore profesionalek (inplikaturiko populazioari dagokiola) 
bezainbeste pisu dute irabazi asmorik gabeko sektoreek, baina, bestelako 
gizarte esparruetan ari diren taldeek ez bezala (ONGD edo ONGak, esaterako) 
erakundeen eskutik ez dute inolako esker onik jaso.

Elkarte hauek jende multzo handia biltzen dute bere baitan, arauzko jarduera 
dute, antolaketa jakina eta bere erakundeen araberako ekonomia dute.

Honetaz gain, tradizio-kulturaren elementuetan oinarritutako 
merchandising-a, esaterako, folklorearen adierazpenei lotutako markak 
sortzea, taldeen egile-eskubideak... hauek denak ezin dira bazter utzi 
folklorearen alderdi ekonomikoa aztertzen delarik.

Ikerketa-esparru zabal eta mugagabe baten aitzinean gara, gutxi garatua 
gainera eta aurtengo jardunaldi hauetan huts hori estaltzen saiatuko gara, 
baita egungo gizartearen ekonomian jarduera honek duen eragina ezagutzen 
ere.

Lanen aurkezpena

Jardunaldiak antolatzen dituen batzordeak txosten nagusi batzuk eskatu ditu, 
baina gainera interesik duen orori gonbitea egin nahi dio bere lanak, 
argitaratu gabekoak, aurkez ditzan.

Egileek uztailaren 31 baino lehen bidali beharko dute proposatutako lanaren 
izenburua eta laburpen txiki bat. Gainera, egilearen edo egileen izenak, 
lanbidea edota titulazioa eta harremanetarako datuak (helbidea, telefono 
zenbakia, faxa, helbide elektronikoa) erantsi beharko dira. Behin betiko 
testua urriaren 15a baino lehen bidali beharko da euskarri informatikoan 
(Word bertsioan), eta gehienez ere 15 orrialde izan beharko ditu. Horrekin 
batera 15-20 lerroko laburpen txikia bidali beharko da, testuan erabilitakoa 
ez den beste bi hizkuntzatan. Batzorde zientifiko batek lanak baloratuko 
ditu eta proposatutako gaiari egokitzen zaizkion erabakiko du, lana 
onartzeko eta ondoren argitaratzeko aukera izateko. Jardunaldiak Iruņean 
izango dira 2008ko azaroaren 12, 13 eta 14an, eta publikoarentzako zabalik 
izango dira. Horretarako izena ematen ahalko da Jardunaldietako 
Idazkaritzara joz.

Ortzadar kultur Elkartea Iruņean sortu zen 1974an herri musika eta dantza 
talde gisa, eta kultura tradizionalaren ikerketa eta zabalkundea izan ditu 
helburu nagusi. Urte hauetan dantza eta musika ikuskizunen alorrean 
etengabeko jarduera izateaz gain, 1984. urteaz geroztik, folklorezale eta 
ikerlarientzat urteroko jardunaldiak antolatu ditu. 1995ean gure argitalpen 
ildoa ireki genuen aipatu jardunaldietan aurkeztutako lan garrantzitsuenak 
argitaratuz, besteak beste. Elkarte askea da gurea, irabazi-asmorik batere 
gabe, orain dela 20 urte baino gehiago Iruņeko Udalarekin eta Nafar 
Gobernuko "Vianako Printzea" Erakundearekin lankidetza akordioak dituena. 
Halaber, Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide da.

Folklore Jardunaldiak

Jardunaldien helburu nagusia Kultura Tradizionalaren alderdi guztien 
ikerketan sakondu eta hura zabaltzea da, eta aldi berean, ikerkuntza eta 
azterketa horiek aurkeztu eta eztabaidatzeko batzar edo topaketa batzuk 
eskaintzea. Ortzadarren Folklore Jardunaldiek zientzialarien artean eta gai 
hauetan zaletuak direnengan ospea eta izen ona lortu dute aurkeztutako lanen 
jarraikortasun eta mailarengatik. Edizio bakoitzean gai bakarreko ikerketa 
egiten da, azpimarragarri dira adibidez, honakoak:

"Gizarte dantzak", "Festa tradizionala eta hiri kultura", "Folklorea eta 
herrien nortasuna", "Emakumea kultura tradizionalean", "Mito, erritu eta 
sineskeriak", "Herri sendagintza", "Janzkera", "Ahozko transmisioa", 
"Materiagabeko ondare kulturala" "Jatorrizko eraikuntza",...

Partaide gehienak gure ingurune geografikotik badatoz ere, beste 
herrialdeetako partaidetza ere izan dugu, hala nola, Aragoi, Katalunia, 
Gaztela eta Kanariar uharteak. Partaideen zerrenda luzean beren lan 
zientifikoari esker izen eta ospe handiko jendea aurkitzen ahal dugu, bai 
eta ikertzaile gazteak ere.

Jardunaldietan aurkeztu diren lanak Eusko Ikaskuntzako Folklore Saileko 
hirugarren liburukian argitaratu dira, 1986 eta 1993 bitartean "Vianako 
Printzea" Erakundeko "Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoetan", eta 
ondoren, "SUKIL, kultura tradizionalaren gaineko koadernoak"-en lau aleetan, 
Ortzadarrek berak argitaratuak 1995tik aitzina. Datozen jardunaldietan 
aurkeztuko diren lanak erredakzio batzordeak hautatuko ditu, eta Sukilen 
bosgarren liburukian bilduko.

Jardunaldien Idazkaritza
Descalzos Kalea, 65 behea
31001 Iruņea / Pamplona
Tfnoa: 948 223 107
ortzadar a bildua ortzadar.org
www.ortzadar.org 





Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago