[dantzan] Amateurrak vs profesionalak

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Iga, Eka 28, 09:26:52, CEST 2009


Ziur aski datozen urteotan behin baino gehiagotan eztabaidatuko dugu amateur
eta profesionalen onura eta kalteetaz. Izan ere, hamarkada batzuetan
ezkutuan izan dugu dantza alorreko profesionalaren figura eta orain
azaleratzen hasi da berriz. Eta "berriz" diot, dantza tradizionala
amateurismoarekin lotzeko joera nahiko "berria" delako, XX. mendekoa, eta
batez ere 60-70eko hamarkadetan nagusitu zena. Horren aurreko dantza-maisu
eta danbolinteroak profesionalak ziren. Gehienek beste lanbideren bat izango
zuten dantzaz gain, baina dantzarako bere jarduna "profesionalki"
planteatzen zuten: tratua egin, tarifa azaldu eta lana kobratu.

Dantza jarduera amateur bezala identifikatzea dantza taldeen ereduarekin eta
garai zehatz batekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela esango nuke. XX. mendeko
bigarren erdian milaka dantzari, dantza-irakasle eta baita dantza-maisu
batzuk ere, lan izugarria egin dute dantza tradizionala sustatzen, irakasten
eta transmititzen, ia-beti musutruk, edo jasotako ordaina talderako utziz.

Aurrera begira, niri behintzat, garrantzitsua iruditzen zait gure alor
honetan ere, amateurren ondoan "profesionalak" izatea. Dantza-maisuei
egozten dizkiegun gaitasunak eta ezagutzak dituztenak beren jarduera
"profesionalki" egin dezatela komeni zaigu, transmisioa egin dezaten eta
beren lanak dagokion ordain eta errekonozimendua jaso dezan. Baina gizarte
egoera zail honetan gure espazioa defendatu eta sendotzen jarraitzeko
profesionalki prestatu eta profesionalki jardungo duten agenteak behar
ditugula iruditzen zait. Profesionalek ez dute sektorea salbatuko, baina
gure sektorearen jarduera "normalizatzen" lagunduko dutela uste dut.
Zenbaitek beren burua hobeto prestatzeko aukera izango du, baldintzak
duintzen lagunduko du (eta horretaz denok probestuko gara), eta
amateurismotik ezinezkoa den dinamika sistematikoak bideratu ahal izango
dira. Profesionalen artean, amateurren artean bezala, dantzari eta
dantza-irakasle onak, erdipurdikoak eta kaskarrak izango ditugu. Dantzarako
dohain bereziak dituen norbait egunean zortzi orduz beste lanbide batean
ikusten dudanean dantzarentzat galera handia izaten ari dela pentsatzen dut
nik, eta ez gaudela horrelako lujoetarako.

Zalantzarik gabe profesionalak sortzeak tensioak sortuko ditu profesional
eta amateurren artean. Eta hori ulertzekoa da. Luzaroan jarduera hori
xentimorik kobratu egin duenari ez zaio gustagarri egiten norbait aldamenean
lan beragatik kobratzen ari dela ikusteak. Norkberak ezer kobratu gabe
irakatsi eta bere ikasleak gauza bera kobratzen egiten ari dela ikustean,
bere oinarri filosofikoetako bati traizioa egiten ari zaiola senti dezake
zenbaitek. Dantza-maisu batek egoera berria ulertu arren, horrek eragiten
zizkion kontraesanak eta arrangurak agertu zizkidan behin. Berak kobratu ez
eta gainera bere poltsikotik ordaintzen zituen dantzan irakasteak eragiten
zituen gastu guztiak. Eta orain bere ikasle izandako batzuk, erdiak ere
behar bezala ikasi gabe, kobratzen ikusten zituen.

Uste dut datozen urteotan maiz gertatuko direla horreko injustiziak. Eta
hori samurtzeko modu bakarra gure dantza-maisuei baldintza onetan
(profesionalak dituen abantailak baliatu alegia) irakasteko aukerak eskaini,
baloratuak eta errekonozituak sentiarazi, eta mimatzea dela. Hori guztia
eginda ere gertatuko dira arrangurak, baina etorkizunera begira
profesionalak eta amateurrak elkarbizitzen, eta elkarrengandik elikatzen
ikastea baino ez zaigu geratzen. Hori lortzen badugu sektore benetan
indartsua izan gaitezkeela uste dut.

oier.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20090628/8c99a016/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago