[dantzan] Amateurrak vs profesionalak

Aitor Furundarena Usabiaga aitorfurunda a bildua gmail.com
Iga, Eka 28, 18:56:30, CEST 2009


Gizarte honetan gutxiengo batek datu asko ditu buruan. Gutxiengo horretatik
zati txiki-txiki batek datu horiei erabilpen probetsuzkoa ematen die. Nire
ustez, talde txiki honetan zu zaude, Oier.

Egin duzun idatzi hau antologikoa iruditzen zait.

Aitor.


Oier Araolaza<oier a bildua dantzan.com> igorleak hau idatzi zuen (2009 ekaina 28
09:26):

>
> Ziur aski datozen urteotan behin baino gehiagotan eztabaidatuko dugu
> amateur eta profesionalen onura eta kalteetaz. Izan ere, hamarkada batzuetan
> ezkutuan izan dugu dantza alorreko profesionalaren figura eta orain
> azaleratzen hasi da berriz. Eta "berriz" diot, dantza tradizionala
> amateurismoarekin lotzeko joera nahiko "berria" delako, XX. mendekoa, eta
> batez ere 60-70eko hamarkadetan nagusitu zena. Horren aurreko dantza-maisu
> eta danbolinteroak profesionalak ziren. Gehienek beste lanbideren bat izango
> zuten dantzaz gain, baina dantzarako bere jarduna "profesionalki"
> planteatzen zuten: tratua egin, tarifa azaldu eta lana kobratu.
>
> Dantza jarduera amateur bezala identifikatzea dantza taldeen ereduarekin
> eta garai zehatz batekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela esango nuke. XX.
> mendeko bigarren erdian milaka dantzari, dantza-irakasle eta baita
> dantza-maisu batzuk ere, lan izugarria egin dute dantza tradizionala
> sustatzen, irakasten eta transmititzen, ia-beti musutruk, edo jasotako
> ordaina talderako utziz.
>
> Aurrera begira, niri behintzat, garrantzitsua iruditzen zait gure alor
> honetan ere, amateurren ondoan "profesionalak" izatea. Dantza-maisuei
> egozten dizkiegun gaitasunak eta ezagutzak dituztenak beren jarduera
> "profesionalki" egin dezatela komeni zaigu, transmisioa egin dezaten eta
> beren lanak dagokion ordain eta errekonozimendua jaso dezan. Baina gizarte
> egoera zail honetan gure espazioa defendatu eta sendotzen jarraitzeko
> profesionalki prestatu eta profesionalki jardungo duten agenteak behar
> ditugula iruditzen zait. Profesionalek ez dute sektorea salbatuko, baina
> gure sektorearen jarduera "normalizatzen" lagunduko dutela uste dut.
> Zenbaitek beren burua hobeto prestatzeko aukera izango du, baldintzak
> duintzen lagunduko du (eta horretaz denok probestuko gara), eta
> amateurismotik ezinezkoa den dinamika sistematikoak bideratu ahal izango
> dira. Profesionalen artean, amateurren artean bezala, dantzari eta
> dantza-irakasle onak, erdipurdikoak eta kaskarrak izango ditugu. Dantzarako
> dohain bereziak dituen norbait egunean zortzi orduz beste lanbide batean
> ikusten dudanean dantzarentzat galera handia izaten ari dela pentsatzen dut
> nik, eta ez gaudela horrelako lujoetarako.
>
> Zalantzarik gabe profesionalak sortzeak tensioak sortuko ditu profesional
> eta amateurren artean. Eta hori ulertzekoa da. Luzaroan jarduera hori
> xentimorik kobratu egin duenari ez zaio gustagarri egiten norbait aldamenean
> lan beragatik kobratzen ari dela ikusteak. Norkberak ezer kobratu gabe
> irakatsi eta bere ikasleak gauza bera kobratzen egiten ari dela ikustean,
> bere oinarri filosofikoetako bati traizioa egiten ari zaiola senti dezake
> zenbaitek. Dantza-maisu batek egoera berria ulertu arren, horrek eragiten
> zizkion kontraesanak eta arrangurak agertu zizkidan behin. Berak kobratu ez
> eta gainera bere poltsikotik ordaintzen zituen dantzan irakasteak eragiten
> zituen gastu guztiak. Eta orain bere ikasle izandako batzuk, erdiak ere
> behar bezala ikasi gabe, kobratzen ikusten zituen.
>
> Uste dut datozen urteotan maiz gertatuko direla horreko injustiziak. Eta
> hori samurtzeko modu bakarra gure dantza-maisuei baldintza onetan
> (profesionalak dituen abantailak baliatu alegia) irakasteko aukerak eskaini,
> baloratuak eta errekonozituak sentiarazi, eta mimatzea dela. Hori guztia
> eginda ere gertatuko dira arrangurak, baina etorkizunera begira
> profesionalak eta amateurrak elkarbizitzen, eta elkarrengandik elikatzen
> ikastea baino ez zaigu geratzen. Hori lortzen badugu sektore benetan
> indartsua izan gaitezkeela uste dut.
>
> oier.
>
> _______________________________________________
> Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   Dantzan-request a bildua postaria.com
> izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxorik gabe)
>
> Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20090628/f2eff827/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago