[dantzan] Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasunak izendatu dituzte

lasartiko a bildua euskalerria.org lasartiko a bildua euskalerria.org
Ost, Maiatza 20, 11:04:23, CEST 2009


Pasa den apirilean, Nafarroako Gobernuak Lantz, Ituren eta
Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Kulturaleko
Ondasunak izendatu zituen. Izendapenaren prozesua
bideratzeko ezinbestekoa da txosten historiko (kasu honetan,
historiko-etnografikoa) bat egitea. Hau Ortzadar Elkarteko
K. Irujo eta M. Ozkoidik burutu zuten 2008. urtean zehar.
Txosten honen laburpen gisa-edo, eta izendapenarekin batera,
Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuak Panorama
aldizkariko 40. alea argitaratu zuen, beti ere inauteri
hauek gai nagusitzat hartuta. Lan honetan, Ondarearen
bilakaera eta inauteri hauen azken mendeko bilakaera
laburbiltzen da. Gaia, nahiko jorratuta izanda ere, baditu
alde batzuk ikertu gabeak edo folklorista eta antropologoen
interes txikia piztu dutenak. Dokumentazio grafiko eta
artxibokoaz ari gara. Azken hau oso nabarmena da Lantzen
kasuan, eta grafiko nabarmenegia Ituren eta Zubietaren
kasuan. Berrogeiko hamarkadatik hasita eta inauteri hauek
interesa pizten hasten diren arteko argazki polita,
interesgarri eta esanguratsuak (inauterien bilakaera
islatzeko) aurki daitezke liburukian.
Txosten historiko-etnografikoa egiten ari zelarik Pyrene
enpresako nagusi den Eugenio Monesmak burutu zituen herri
hauetako inauteriak erakusten dizkiguten dokumentalak. Lan
hauek "Julio Caro Baroja" Museo Etnologikoak propio
enkargatuta egin ziren eta aurreko astean egin zen haien
aurkezpena Nafarroako Artxiboko Hitzaldi Aretoan. Bertan,
eta Ortzadarko bi kide hoiek aurkezpen hitzaldia emanda, bai
esandako dokumentu grafiko hoiek, nola Caro Barojatarrek
egindako "Navarra. Las cuatro estaciones" filmaren
grabaketak ikusi ahal izan ziren, Monesmaren lanarekin
konparatze aldera. Ondoren ponenteen eta entzulegoaren
artean galderak eta eztabaida aberasgarria sortu zen.
Bi lan hauek (Monesmaren DVDak eta Panorama aldizkaria)
salgai daude jadanik.
Azkenik, eta Materiarik Gabeko Ondareari, zein inauteri
hauei buruzko informazioari ahalik eta zabaltze haundiena
emateko, Ortzadar Elkarteak Erakusketa bat antolatu du
"Materiarik Gabeko Ondarea. Lantz, Ituren eta Zubietako
inauteriak" izenburupean. Erakusketa zabalik dago Nafarroako
Artxiboan (Iruņeko Maiatzak 2 kalean). Artxiboko ordutegia
goizak eta arratsaldeak (21'00 arte) izaten da zabalik;
erakusketa bertan egonen da paraturik ekainaren 6 arte.
Bi alde ezberdinak ditu erakusketa. Lehendabiziko batean
Ondarearen kontzeptuaren azken mendeko bilakaera  aztertzen
da 2003. urtean UNESCOk bere Materiarik Gabeko Ondarearen
definizioa argitara ematen duen arte. Kontzeptu berri honen
ezagupena sakontzen da, biltzen dituen esparru
garrantzitsuenen bidez. Bigarren aldea inauteriei dagokie.
Hasten gara Nafarroako Erret Artxiboan inauteriei buruzko
informazioa aztertzen, hala nola udal artxibotan,
hemerotekan herri adierazpen honi buruz 1936.go gerra arte
agertzen den informazioaren laburpena jasoz. Gerratik honat,
astiroago goaz, mantsoago. Horrek ahalbidetzen digu urte
zail hauetan aipatutako inauterietan suertatu diren
aldaketak eta iraupenak agerian uzten. Hau, gehienbat, lortu
ditugun argazki berrien bidez egiten dugu; argazki polit eta
esanguratsuak ikus daitezke.
Guzti honen bidez erakusketaren hiru xedeak betetzen dira
gure ustez: Materiarik Gabeko Ondarearen kontzeptua
dibulgatu, hiru inauteri hauen garapen historikoa azaldu,
eta Materiarik Gabeko Ondarearekiko interesa eta, batez ere,
balioestea lortu (lortzen saiatu). Zeharkako xede gisa
apurtu nahi izan dugu uste ustel batekin: tradizioa
aldaezina dela. Izan ere, Ituren eta Zubietaren kasuan batez
ere, oso agerian dago aldeketez josiriko tradizioa. Garaian
garaiko beharrezkoak izan diren edo onartu diren aldaketak
herritarrek egin dutelako, beti tradizioaren barruan, Bere
egin dituzte gauzatu diren aldaketak, momentu berean
tradizioa bihurtuz.





Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago