[dantzan] Aurreskua ikasi ezkontza baterako

Mikel Sarriegi msarriegi a bildua euskaltel.net
Al, Urt 10, 22:49:45, CET 2011


Interesgarria gogoeta, batez ere ezkontzetatik haratago eramaten badugu. Baina ezkontzen kasu partikularrean, neuk ere ez diot halako larritasunik ikusten, batez ere, orokorrean mota horretako ospakizunetan ikustera ohituak gauden hainbat eta hainbat bitxikeria tarteko. Nere ustez, pozgarria behar luke gune horretan ere dantza present egotea, azken batean, bere balio sozialaren berreskuratze baten aukera eman dezakelako. Kezkagarriagoa iruditzen zait gure erantzukizuna, dantzari edota balizko dantza-irakasleona. Ba al dakigu geuk nola erantzun mota honetako eskaerei?

Ahal den neurrian, aprobetxatu dezagun aukera, eta azaldu, esate baterako, lagun talde batentzat, beharbada detaile polittagoa, egokiagoa eta errazagoa dela, bazkalondoan sokadantzaren formatoan azeridantza edo "alpargata" bana dantzatzea, eta lagunik trebeenak, senargaia edota emaztegaia sokara atera eta hari agurra dantzatzea. Gehienetan bezela, gakoa formula egokia aurkitzean egon daitekela pentsatzen dut. Eta kasu bakoitzean, formula oso desberdina izan daiteke, ezkontza guztiak ez baitira berdinak, ez eta beharrik ere!

Mikel
  ----- Original Message ----- 
  From: Oier Araolaza 
  To: Dantzan zerrenda 
  Sent: Monday, January 10, 2011 2:59 PM
  Subject: [dantzan] Aurreskua ikasi ezkontza baterako



  Lagun batek galdetu dit ea bere kuadrilakoei (hamar bat lagun) agurra irakatsiko ("aurreskua" esan dit berak) diedan, kide baten ezkontzan dantzatu nahi dutelako. Erretolika luze bat bota diot, baina zalantza geratu zait ondo egin ote dudan. Ez dut argi ikusten ezkontzetan dantza egiteko moda hau. Poza ematen dit jendeak dantzan ikasi eta dantza egiteko gogoa izatea, baina besteik, konturatzen naiz moda txoro bat baino ez dela, eta zalantza dut dantzari mesederik egiten dion. Hemen jartzen dizuet bidali diodana, baina besteoi zer iruditzen zaizue?


  "Aitortuko dizut nahiko kritiko begiratzen diodala moda berri honi. Noski politagoa dela lagun edo familiakoak dantza egitea ezezagun bat ekartzea baino, baino amorrua ematen du dantzarako sekulan inolako interesik izan ez dutenak egun batetik bestera, ezkontza baten aitzakian, eta taldearen babesean tontoarena egiteko prest agertzea. 

  Ikusten dut orain asko direla lagun baten ezkontzan dantza egiteko agurra ikasten aritzen direnak, eta batetik pozgarria da, baina bestetik konturatzen naiz horrek dantzari buruz dugun kontsiderazio maila oso ongi erretratzen duela. Adibidez, inori ez zaio okurritzen, sekula santan ezer kantatu ez badu eta zorionak zuri kantatzen ere desafinatzen badu, lagun baten ezkontzan kuadrilakoekin abesbatz bat antolatu eta mezan kantatzeko pieza pare bat prestatzea. Edo, musika zaletasunik batere izan ez, eta musika tresna batzuk hartu eta kanta batzuk jotzen saiatzea. Denok dakigu ridikulua litzatekeela hori, eta "lagunak" izateak ez duela emanaldia "poiitagoa" egiten. Baina dantzan bai, dantzan badirudi zenbat eta ezjakinago izan, orduan eta politagoa dela... "

  oier.





------------------------------------------------------------------------------


  _______________________________________________
  Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   Dantzan-request a bildua postaria.com
  izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxorik gabe)

  Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20110110/a55a642e/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago