[dantzan] Aurreskua ikasi ezkontza baterako

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
As, Urt 11, 10:40:33, CET 2011


Eskerrikasko denori zuen erantzunengatik! Hau luxua, horrelako aholkulari
taldea eskura izatea!!!

Ander: Bai, gure familian ere nahiko zaleak gara horrelakoetan instrumentuak
atera eta kantuan jartzera. Baina, diferentzia ikusten dut, aurretik ba
dagoela zaletasun bat, eta ezkontza ez dela musika egiten hasteko lehen
aitzakia.

Jexux: Hori da bai, hor ikusten dut badela diferentzia bat. Nik, konparazio
bila jarrita, dantzan egiten denaren parekoa musikan bilatuta honelako
zerbait okurritzen zait: "Aizu, nire lagun bat ezkontzen da eta organoarekin
pare bat pieza jo nahi nituzke mezan. Erakutsiko didazu? --Ah, oso ondo, eta
zer jotzen duzu normalean, pianoa edo? --Ez, ez ezerrez. Ez dakit musikarik.
--Ahh... Eta zer jo nahiko zenuke? --Ba, ez dakit, horrelakoetan jotzen den
zerbait tipikoa, Haendel-en Mesias edo..."

Xabier: Nik ere kontraesan horixe daukat nire baitan, eta interesgarria
iruditzen zait formula bakarra ez aplikatzea kasu guztietan. Erosoena beti
eredu bera errepikatzea da, baina argi dago askoz interesgarriagoa dela kasu
bakoitzerako zerbait berezia bilatzea.

Iñaki: Egia da, nire hasierako erreakzioa negatiboa izan da. Gero zalanza
sortu zait, eta saiatu naiz alderdi positiboa ikusten. Eta orain zuen
erantzunak ikusita ia-ia positiboago ikusten dut auzia negatiboa baino. Eta
arrazoia, kasu bakoitza banaka aztertu behar da.

Mikel: Touché!!!l! Hainbeste jira eta bira soka-dantzaren inguruan,
hainbeste tokitan jarri ditut martxan soka-dantzak azken urteotan, eta hau
moduko aukera bikaina izanik nola ez zait okurritu!!! Bikaina iruditzen zait
emandako aholkua. Eta uste dut horixe proposatuko diedala!

Azken urteotan, ekitaldi sozial eta protokolario mordoska batean, agurra
dantzatzeko eskatu eta soka-dantzan jarri izan ditut. Agintariak,
elkarteetako ordezkariak eta familia (hemen adibide bat:
http://www.flickr.com/photos/oierko/3864365069/in/set-72157622167859714/ )
eta benetan soluzio bikaina iruditzen zait. Sinbolikoki izugarrizko buelta
ematen dio protokoloari, bakarlari baten exhibizioaren ordez errito
kolektiboa bihurtzen da. Partehartzea zabaltzen da eta omendua bera erritoan
integratzeko aukera ematen du. Sokan parte hartzera edozein integratu
daiteke eta nahikoa da trebeena dena instruitu edo gidatzea. Egitura malgua
da soka-dantza eta gure behar eta neurrira egokitu dezakegu. Eta gainera,
tradizioarekin askoz ere zintzoago jokatzen ari gara. Gure dantza taldean
ere, taldekide bat ezkontzen denean soka-dantza egiten diogu eta ezkonberria
sokan sartu eta berak dantzatzen dio bikoteari.

Beraz, horixe proposatuko diot lagunari. Talde polita dute (hamar lagun) eta
soka ederra atera daiteke. Horrelako gazte talde bat dantza egiteko prest
izatea aprobetxatu beharreko aukera da, eta eredu on bat eskainita gainera.
Izan ere, ezezkoa ematerakoan kezka eragiten zidana zen, beraiei erakusteko
ezezkoa emanez gero gerta zitekeela neuri eskatzea dantza egitea, eta hori
ez nuen nahi, ez dudalako gogoko ezezagunen ezkontzetan dantza egitea, eta
asmoa ez zelako niri ez dagokidan protagonismo bat neureganatzea. Modu
honetan, ez da hori gertatuko, eta dantzarioi dagokigun paper garrantzitsu
(eta itzaleko) bat jokatuko dut, protokoloen gidaritza eta dantza
tradizionalak modu egokian baliatzeko aholkularitza.

MIla esker, bene-benetan!

oier.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20110111/bd72a638/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago