[dantzan] Arratiko Jota eta porruen Ikastaro sakona

Andra Mari Eusko Dantzari Taldea info a bildua andramaridantzataldea.com
As, Urr 11, 08:43:46, CEST 2011


Andra Mari Dantza Taldeak, orain urte asko egindako ikerketa-lan sakon baten ondoren, ia galduta zegoen jota eta porruak egiteko era berezi, aberats eta zaharrago bat ikasi zuen. Urteetan, taldeko partaide batzuk, Kepa Artetxek, Jon Zamalloak, Mikel Zamalloak, besteak beste, hainbat herri, auzo eta baserri desberdinetatik ibili ziren Gorbeialdeko erromerietan zehar dantza egiteko era desberdinak batzen. 



            Hasiera batean taldeak “Arratiko Jotea” izendatu zuen eta egun ia guztiok izen horrekin ezagutzen dugu. Batu ez ezik, zabaldu ere egin dugu urte hauetan nahi izan duten guztiontzat eta urteak pasa ahala konturatu gara bai dantza talde askok baita herriko erromerietan ere “Arratiko Jotea” egiten dela.



            Hau guztia ikusita konturatu gara batzuk oso era desberdinean irakasten dutela, batzuek interpretazioa erabiltzen dute eta Andra Mari Dantza Taldeak ez du “Arratiko Jotea” inoiz ere interpretatu. Guk batu genuen bezala zabaldu dugu eta horrela jarraituko dugu hemendik aurrera ere.



            Kepa Artetxe bera etorri zitzaigun esanez pertsona batzuk berarengana joan zirela horrelakoa esanez: “ Kepa, guri erakatsi dozkue besoak behean eukite dantzatu behar dogula, eta zeuk ordea ez zeuskun horrela erakatsi!”. Honelako esaldien antzekoak entzun ondoren, Kepak ikastaro bat antolatzea proposatu zuen.



            Ikastaro honen helburua, Kepak eta berarekin ibili zirenek egin zuten lan guztia azaldu, batu zen eran irakastea eta ikastaro garbi, sakon eta funtsezkoa egitea da. Kepak dioen bezala: “guk ikasitakoa erakutsiko dogu, argi geratu deien zer eta zelan batu gendun”.



            Ikastaroa Galdakaon azaroaren 12an, 19an eta 26an izango da Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko lokaletan. Maisu bezala Kepa Artetxe egongo eta laguntzaileak Mikel Goitia eta Ainara Artetxe izango dira. Azken egunean, ikastaroaren amaieran partehartzaile guztiei Juan Manuel Etxebarriaren* eskutik Gorbeialdeko ohiturei buruzko hitzaldi bat emango zaie. 



            Hasiera batean ikastaro hau Dantza Taldeentzat antolatuta dago nahiz eta beranduago nahi duen guztiontzak egingo den. Dantzarien kopurua murriztua izan behar da gure instalazioak oso handiak ez baitira. Beraz dantza talde bakoitzetik partaide bi etor daitezke. Ikastaro hau doan izango da.



            Parte hartu nahi duenak 636082805 telefono zenbakira deitu dezake. Izena emateko epea, gaurtik hasita azaroaren 6ra izango da. 



            Besterik gabe, ea ikastaroan elkar ikusten dugun. 

                                               

                                               Anima zaitezte.



*Juan Manuel Etxebarria Ayesta: Euskal Filologian Doktorea; D.Jose Miguel Barandiaranen Etnografiako “Bizkaiko Etniker” taldekidea; Euskaltzaindiakoa; Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea Euskal Filologian; BHI-ko katedratikoa Euskal Hizkuntza eta Literaturan; Idazlea.

_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   Dantzan-request a bildua postaria.com
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxorik gabe)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20111011/caa347a8/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago