[dantzan] Vestrisen eragina grabileta eta entrechat-etan [Bideoa]

Dantzan.com dantzari a bildua dantzan.com
As, Ira 23, 11:26:46, CEST 2014


The Royal Ballet konpainiak saio didaktikoak egin ohi ditu dantzaren
historia eta alor desberdinak ezagutzera emateko. Honako saio honetan
Ursula Hageli dantza-maistrak Auguste Vestris-en ekarpenari begiratuko
dio. Auguste Vestris (1760-1842) dantzari birtuosoa izan zen, balletaren
bilakaeran aztarna nabaria utzi zuena. Aita dantzari noblea izan zuen,
eta aitak prestatu zuen semea dantzarako. Hain ongi prestatu ere 12 urte
zituela egin zuela lehen agerraldia Pariseko Operan, baina aita zorrotza
zen eta 16 urterarte gogor prestatzen segi zuen formalki debuta maila
onenean egin zezan. Baita lortu ere. "Le Dieu de la danse" alegia,
"Dantzaren Jainkoa" izendatu zuten Auguste Vestris, hain zen eta handia
haren dantzak sortzen zuen harridura.

Rond de jambe, gurpila eta grabilleta

Ez-ohiko birtuosismoa zuen Auguste Vestris-ek eta trebetasun horri zukua
ateratzeko zenbait urrats sortu edo garatu zituen bere aitarekin
laguntzarekin. Adibidez, Ursula Hagelik azaltzen du aitak bultzatuta
hasi zela egiten Auguste Vestris 'Rond de jambe en l'aire' izeneko
urratsa, alegia, euskaraz eta euskal dantzetan literalki 'hankaren
gurpila airean' ohiko izendegian 'belauneko gurpila' edo 'grabileta'
esango genukeena. The Royal Ballet-eko dantzari bakarlaria den Valentino
Zuchettik dantzatzen du saio didaktikoan 'Rond de Jambe en l'aire'
izeneko urratsa.

Entrechat six, muriska hamabi?

Vestris-en beste ekarpenetako bat entrechat-en bilakaeran dago. Jauzi
egin eta airean, oinak elkar gurutzatuz egiten diren muriskak. Entrechat
horietan egiten ziren oinen gurutzatze kopurua handitzeaz gain, azken
unean, airean, oinak irekitzen hasi zen, oraindik ere ikusgarriago
bihurtuz urratsa, hain zuzen ere, Zuberoako dantzariek, frixat dublietan
egin ohi duten moduan.

Entrechat quatre (4) eta six (6) egiten omen ziren garai hartan, eta
Auguste Vestris entrechat huit (8), dix (10) eta douze (12) egitera
iritsi omen zen. Ursula Hagelik hau esaten duenean ikustekoa da
Valentino Zuchetti dantzariaren aurpegia. Berak oso dotore egin berri du
entrechat six, baina douze? Ursulak irriparrez azaltzen dio jakin duenez
desberdin kontatzen zituztela entrechatak Vestris-en garaian. Ireki eta
ixteko mugimendu bakoitza zenbatzen zuten, dantza klasikoan orain egiten
duten moduan, baina bi oinekin egiten direnez mugimenduak, oin
bakoitzarena ere kontatzen zutela, eta beraz, Vestris-en entrechat douze
(12) Zuchettik egindako entrechat six (6)bera litzateke. 

Vestris, klasikoan eta tradizionalean

Aipatzekoa da, orain gutxi Maritzuli konpainiak aurkeztu duen Nundik
Nora ikuskizunean, Auguste Vestris-en eragina euskal dantzetan azaleratu
dutela, eta besteak beste, Jon Iruretagoienak Auguste Vestris-en gabota
berregiteko saio harrigarria burutu duela. Alegia, Vestrisen ekarpena
dantza klasikoari bi urrats zehatzetan erakutsi duen moduan Royal
Ballet-ek, dantzari berak euskal dantzari egindako ekarpena agerian
jarri duela Maritzulik.

Ballet evolved, Ninette de Valois

Royal Ballet-eko zuzendari artistiko eta dantza ikertzaile eta ezagule
handia izan zen Ninette de Valois (1898–2001) eta berak, Auguste
Vestris-en lanean inspiratuta sortutako pieza da saio didaktikoa
osatzeko Valentino Zuchettik dantzatzen duena. 

Vestrisen eragina grabileta eta entrechat-etan
Dantzan.com - 2014/09/23
http://www.dantzan.com/bideoak/vestris-grabilleta-entrechat[1]

------------------------------------------------------------------------

[1] http://www.dantzan.com/bideoak/vestris-grabilleta-entrechat
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20140923/9e9e8eeb/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago