[dantzan] Argia: Punta-motz 1994 [Bideoa]

Dantzan dantzari a bildua dantzan.com
As, Api 28, 12:25:38, CEST 2015


Juan Inazio Iztuetak jasotako Gipuzkoako doinu zaharretako bat da
Punta-motz. Kezkatuta ageri zen Iztueta 1824an argitaratutako Gipuzkoako
dantzei buruzko liburuan, "soņu-zarrac" gipuzkoarren aintzinako dantzak
izanik albo batera utzita zeudela eta gazteek ez zituztela ezagutzen. "Dantza
ez da beste gauzarik, ez bada, oinekin kantatzea" dio Iztuetak doinu
zaharren inguruan ari denean. Doinu zaharrak zortzikoen aldean
banan-banan ezagutzea eskatzen dutela zioen Iztuetak, "zortziko bat
bakarra dantzatzen dakienak, dantzatu ditzake miloika" zioen, "baina
doinu zahar bat jakinagatik ezin dantza dezake bestea". Izan ere,
zortzikoetan puntuen antolaketa erregularra den bitartean, doinu
zaharretan irregularra, berezia gertatzen da, eta doinu zahar bakoitza
buruz ikasi beharra dago, doinuan eta egituran, behar bezala dantzatu
ahal izateko.

Punta-motz doinu zaharrari buruz Juan Inazio Iztuetak dio 21 puntu
dituela, baina berez, berak esan bezala eginez gero 29 puntu dira
dantzatzen direnak. Bi zati dituela dio Iztuetak. Lehen zatiak 8 puntu
ditu eta birritan jo eta dantzatzen dela dio. Ondoren, bigarren zatiak
13  puntu ditu, behin jotzen dela dio Iztuetak. 13 puntuko esaldi honi
buruz Iztuetak 4, 4 eta 5-eko banaketa egiten du. Beraz, 8+8+13=29 dira
Punta-motzen dantzatu behar diren puntuak. 

1994. urtean Euskal Telebistarako zenbait dantza grabatu zituen Argia
dantzari taldeak Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta Arkaitz,
Haritz eta Arkaitz taldeetako dantzariekin. Dantza horietako bat da
irudiotan ikusi daitekeen Punta-motz doinu zaharra. Dantzariak Mikel
Legorburu eta Abel Iriondo elgoibartarrak dira. Punta-motz doinu zaharra
osoa (29 puntuak) hiru aldiz dantzatzen dute, beraz, guztira 87 puntu
dira dantzatzen dituztenak, elkarrekin txandatuz eta zati batzuk batera
dantzatuz.

Argia dantzari taldea, Punta-motz, ETB, 1994.

Argia: Punta-motz 1994
Dantzan - 2015/04/28
https://dantzan.eus/bideoak/argia-punta-motz[1]

------------------------------------------------------------------------

[1] https://dantzan.eus/bideoak/argia-punta-motz
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/dantzan/attachments/20150428/7317708c/attachment.html>


Dantzan posta zerrendari buruzko informazio gehiago