[eibar] Guk gehiago merezi dugu

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Lar, Abe 4, 11:39:04, CET 2004


    Estatu espainiarreko gizarte elebidunen “hizkuntza nahikundea” neurtu
zuen Foessa Fundazioak 1970an, Franco hil baino bost urte lehenago.
“Nahikundea” zen lekuan lekuko hizkuntza jakiteko gizarte-premia eta
gizabanako bakoitzaren ikasteko gogoaren arteko balantzea.
    Orduko datuen arabera, euskal gizartea zen borondatetsuena (%38), hau da
bertako hizkuntza ikasteko premiarik gutxien zuena eta, aldi berean, gogorik
gehien erakusten zuena. Ondotik zeuden Valentzia (%28), Galiza (%24), Balear
Irlak (%16) eta Katalunia (%10). Belaunaldi oso bat geroago, euskararen
egoera dezente aldatu den arren, ez da lar aldatu euskara lantzeko premiarik
eza eta hiritarrok euskararen alde agertzen dugun defentsa teorikoaren
arteko desoreka.
    Gure jarrerak eskizofreniko samarra izaten jarraitzen du. Batetik,
erdararik ez dakien inor gelditzen ez den herri honetan, euskararen aldeko
gizarte-nahikundea sekula izan den handiena omen da. Bestetik, euskal emaria
orain 30 urte inork uste zezakeen baino oparoagoa izan arren, kontsumoak ez
du proportzio bereko igoerarik izan.
    Gurea kontraesanez betetako gizartea da.  Eurak ikasi ez arren euskara
inorentzat eskatzen duten politikariak ditugu eta, nahiz-eta euskarazko
pelikulek publikorik ez izan, filmeak euskaraz aldarrikatzen dituen publiko
zinezale amorratua. Aldi berean, gogoratu baino ez dago, zenbat liburu
irakurtzen dugun euskaraz urtean zehar; zein den etxeko telebistan lehen
katea; zein hizkuntzatan dugun PCren programa, eskuko telefonoaren
terminologia edo dirukutxa automatikoaren aginduak.
    Jakina, esan beharrik ez errua ez dela euskaldun peto-petoona. Gauza
jakina da-eta aukera urria dela, itzulpenak astunak, Euskaltelen
operadoreari nekez ulertzen zaiola eta egunero parean tokatzen zaigun
euskaldunberria totela dela.
    Martxa honetan, horrenbeste erdaldun ardurabako, euskaldunzahar trakets,
euskaldunberri mordoilo eta agintari petralen artean, inoiz egingo al digute
guk merezi dugun euskal gizarterik?
    Amatiño



Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago