[eibar] Txema Auzmendi, santu eta borrero

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Abe 12, 00:12:25, CET 2004


	Nabarmena gero zein antzerakoak diren zenbait jarreratan PP eta HBko
munduen arteko taktikak. Garai batean HB inguratu zen bezala izen
ezberdineko edozenbat elkartez, taldez, siglaz eta gainerako akronimoz
gizarte aurrean benetan zirenaren baino gehiagoren itxurak egiteko, gero PP
izan zen bide beretik jo zuena, hainbat txiringito perretxikoak bailiren
han-hemenka sortaraziz, unibertso zentzudun guztia popularrekin balego
bezala.
	Gizartean zehar mezurik zabaltzerakoan ere, batzuk zein besteak ahalik eta
aldarririk murritz, kamuts eta xumeenak ialgitzen ahalegintzen dira, beti
ere behin eta berriz lelo berberak errepikatzen eta iragarki-spotaren
teknika aspergarriaz baliatuz. HBren hitz magikoak borroka (euskara bai,
borroka ere bai), presoak (jaiak bai, presoak ere bai) edo gatazka (ez da
gatazka besterik, gatazkak dena arrazoitzen baitu) izan izan diren legez,
PPren azken urteotako aitzakia magikoa biktimak izan dira.
	Kontua ez da, ostera, borroka, presoak edo biktimak gogoan hartu behar ez
direnik; borroka, presoak eta biktimak gogoan hartzeaz gainera, gizartea oro
har eta politikagintza bereziki hori guztia baino zerbait konplexuagoa
direla baino. Magiazko murriztapenak ulergarri –eta errazgarri-- dirateke
komunikazio arloan, baina eguneroko lan, arazo, jarrera, jokabide eta
kudeaketari ere erantzun egin behar zaie. Izan ere, herrigintza  hatsapen
eta aldarri hutsa baino zerbait gehiago da.
	Nik ez dut batere zalantzan Gipuzkoako Aldundiaren Giza Eskubideen Saria
merezi izan duen Txema Auzmendik borroka, presoak eta biktimak gogoan
dituenik, baina egon ere ez dago batere zalantzan Txema Auzmendi jesulagun,
misiolari, kazetari, samaritar on eta Elkarri zalea hori guztia baino
zertxobait gehiago dena.
	Ez dago maiuskuladun borrokarik, borroka asko dago. Preso guztiak ez dira
politikoak eta biktimek senide ezberdinak dituzte. “Euskaldunon Egunkaria”
dela-eta auziperatua izanak ez du Txema Auzmendi santu egiten, baina ezta
horregatik infernuratuko ere.

	Amatiño



Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago