[eibar] GEZURRA NESAN GETARIAN

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Abe 19, 20:46:59, CET 2004


	Bederatzi hilabete joan dira Martxoaren 11ko sarraskia gertatu zenetik hona
eta ia beste horrenbeste behar izan dute Aznarrek eta Zapaterok nork bere
ikuspegia azaltzeko, propio sortutako Ikerkuntza Batzordean.

	Ez dira, ostera, politikoak izan martxoaren 11tik 14ra bitartean
gertatutakoa aztertu duten bakarrak. Izan ere, Kongresuko Ikerkuntza
Batzordeak eragin duen eztabaida politiko eta mediatikoaren aurretik, EHUren
Kazetaritza Fakultateko Santiago Pozas eta Gotzon Toral irakasleek
miaketa-lana egin dute eta ondorio hauetara heldu: Aznarren gobernuak ez
zuen komunikazio-ekimenaz jabetzerik lortu; iritzi publikoa gobernua bera
baino bizkorrago ibili zen; PPren gobernua urduri jarri eta bere burua
defenditzeari ekin zion; gardentasunez informatu baino, gezurrak esan
zituen; eta, azkenean, erasoaren ondoko lehen orduetan herritarrik gehienek
eskaini zioten konfiantza alferrik galtzen amaitu zuen.

	Hauek dira Pozas eta Toral irakasleek egindako azterketaren ondorioak,
 “Zer” aldizkarian (“La gestión de la comunicación institucional entre el 11
y el 14 de M”. ZER, 2004ko azaroa) argitara eman dituztenak. Beraien ustez,
PP ez zen Martxoaren 11koak sortutako krisialdia  kudeatzeko gauza izan.
Gobernuko alderdia eta hiritarren arteko harremanak estutu zitzakeen
trajediak boomerang-enak egin zituen eta konfiantza-galera erakarri.

	Sarri aipatu izan da Aznarren gobernua erabat ahalegindu zela sarraskia
ETAri leporatzen, jendea PPren kontra jarri ez zedin. Baina irakasle hauen
azterketaren arabera zilegi litzateke beste aukera hau ere defenditzea.
Alegia, nahiz ETA edo Al Qaeda izan, PPk zezenari adarretatik heldu egin
izan balio eta bere burua erasotua sentitu zuen jendearen haserrea lideratu,
ez zukeen segurutik hauteskunderik galduko.

	Baina PP bekatari sentitu zen eta kokildu. Urduri jarri, gezurra esateari
ekin eta
 jendeak igarri egin zion gezurretan ari zela. Erdi Aroko esaerak
dioenez: “Gezurra nesan getarian, ni baino lehen zen atarian”.

	Amatiño



Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago