[eibar] "Comunidad nacional"

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Abe 26, 19:50:55, CET 2004


	Orain 30 urte, Telesforo Monzonek hainbat gazte bildu eta esan zien: EAJk
lan handia egin du eta Euskadik asko zor dio, baina honezkero EAJ historia
da, ezker abertzalearen garaia da. Zenbait egun geroago gazte-talde hura
Juan Ajuriagerrarekin bildu eta beste hau entzun zuen: EAJ bere onenak
emateke dago, gure aurrekoen ondareari eusteko gai bagara.

	Anekdotak bi gizon haien irizpide kontrajarriak adierazten ditu. Donibane
Lohitzuneko jauregian bizi zen aristokratak bere aurrekoei muzin egin zien
bitartean, heriotz-zigorra, gartzela, klandestinitatea eta erresistentzia
ezagutu zituen gudariak aintzat hartu zituen. Poetak monarkiaren lilurari
eta borroka armatuaren epikari egin zien men. Teknologoak, ostera, bere
buruzagien esperientzia eta ekarriari.

	Ez dut uste euskal gizartea jabetu denik Agirre, Landaburu eta Irujoren
belaunaldiaren ekarriaz (“Desde el futuro. Nacionalismo es más democracia”.
Josu Legarreta. Alberdania, 2004). EAJn ez dira denak konturatu, gainerako
abertzaletasunak nahiago izan du begiak itxi eta abertzale ez den eremu
politikoak ezikusi egin du. Baina, hala ere, hirukote horren ondare
ideologikoa ez da EAJrena bakarrik, gizarte osoarena baino.

	Orain pilpilean ditugun ideia eta balore politikorik gehienak Agirrek,
Landaburuk eta Irujok aipatu zituzten sarri: hala nazio zibikoa nola mugarik
gabeko Europan parte hartu beharra; aniztasuna zein nazioarteko
solidaritatea; giza-eskubideak, gizakiaren balorea edo mehatxurik eza;
burujabetza konpartitua eta interdependentzia... Hori guztia asmatua zegoen
gu gehienok jaio aurretik eta segurutik denak aurrera egingo zukeen Franco,
lehenik, eta ETA, gero, agertu izan ez balira.

	Adibide esanguratsu bat baino ez. Horra non agertu diren sozialistak
“comunidad nacional” delakoa irtenbidetzat proposatuz. Auskalo formula
horrek balio duen ala ez, baina Irujo abertzaleak formulatu zuen... 1955an¡

	Ez dakit Herri honek memoria historiko handirik duen ala ez. Baina
historiaz jakin behintzat, ezer gutxi.

	Amatiño



Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago