[eibar] tsunamiak

luistxo a bildua eibar.org luistxo a bildua eibar.org
Ost, Abe 29, 22:29:24, CET 2004


> -- On Joxemiel Baradiaranek esana da "izenik duen guztia izan  badela".
> Hemen olatuek ez dute izenik... Mundakakoa edo ez bada.
>


Itsasikara zekarren Berriak lehengoan.

Europako ikuspegitik, badirudi turisten inguru tailandiar horietan
gertaturikoa dela larriena... Baina askoz milaka hildako gehiago izan dira
beste toki batzuetan. Nik horietako bat ezagutu nuen, Tamil Nadu, Indiako
hegoaldean. Turista gisa, jakina.

Kostalde pobrea du Tamil Naduk, eta ez oso ikusgarria. Laua, natura
pobrekoa, hondartza zakar eta luze-luze bat da, Landetan bezala edo. Tamil
Naduko edertasunak beste nonbait daude, mendialdeko naturguneetan, eta,
batez ere, geografia humanoan: historian, hiri eta tenplo harrigarri eta
bizietan. Egipto, Yucatan edo Grezia bezala da apur bat: tenploz tenplo
zabiltza, hiri honetan tenplo bat, eta hurrengoan, bi, eta dena hola.
Baina desberdintasuna zera da: tenploak funtzionalak dira! Martxan daude.
Egiptoko paretetan kokodriloak ikusten dituzu, baina auskalo noizkoak.
Tamil Nadukoetan elefanteak paretetan, baina aldamenean ere bai, bizirik
eta tenplo barruan... Santuak kolorez eta kopinez igurtziak eta
inguratuak, bikoteek umeak eskatzeko, lurra irekiten eta zu ortozik ibili
behar...

Ikusten da kostan pobreak bizi direla, arrantzaleak-eta, egurrezko txalupa
moduko batzuekin, hondartzan uzten dituzten untziekin. Haiei esker, hala
ere, dieta alaiagoa dago han: ez bakarrik arroza, arraina eta itsaskiak
ere jaten dituzu, dena pikantearekin jakina.

Pare bat turismo punto daude kostalde horretan, Mahabalipuram-eko tenploak
( http://images.google.es/images?q=mahabalipuram ) Madrasetik gertu eta
Indiaren amaiera: Kaniyakumari lurmuturra.

Badakizue nola India hiruki bat den, hegoalderantz begiratzen duena. Ba
hirukiaren punta-puntako lurmuturra da Kaniyakumari. 200 lagun hil omen
dira han, turistak gehienak, baina ez atzerritarrak: Indiako turistak.

Andrearekin izan nintzen Kaniyakumarin, 1996an. Abuztua zen, eta turistaz
betea zegoen, baina denak Indiarrak. Ez dut gogoratzen okzidental bakarra
ere ikusi genuenik. Baina haientzat, hura espeziala da: hiru itsaso
elkartzen dira han (gure ikusmiratik bakarra den arren, ozeano indikoa),
eta India amaitzen da, hori esatea mundua han amaitzen dela esatea bezala
da haientzat.

Tenplo bat dago lurmuturrean, eta apur bat itsasorago, irlatxo bat beste
tenplo batekin. Gandhi hil zenean, haren errautsak hortik haizeratu
zituzten itsasorantz. Jendea puntu honetara iritsi, eta zoratzen ziren
pozez, peregrinazio moduko bat zen haientzat: santoi mordo bat zegoen
gillette kutxilekin, jendeari ilea mozteko prest, eta halaxe, hantxe
geratzen ziren burusoil, familia osoak, ondoren denak bainatzeko, batzuk
jantzita etorri diren bezala, eta beste batzuk bilusik, India amaitzen den
harkaitz haietan. Makina bat hilko ziren hala, poz horretan olatuak
harrapatuta, joan den domekan.

Umeak izan baino lehen izan nintzen Tamil Nadun. Berriz itzultzeko gogoa
badut, umeekin. Turista bat bezala, noski, ze erremedio, baina herrialde
eder hura umeei erakusteko irrikitan nago.

Kaniyakumariko tsunamiaren berri ematen duen blogger tamil bat (nonbait
blogosferan lehendik ere ezaguna) dabil hortik, Rohin Gupta:
http://shey.net/
http://www.worldchanging.com/archives/001814.html

Blog informazio gehiagoren berri jaso daiteke Wikipedian, lehengoan eman
nizuen loturan:
http://en.wikipedia.org/wiki/2004_Indian_Ocean_earthquake

Luistxo



Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago