[eibar] Ignoranteak noraino heltzen diren.

Mikel Iturria iturri a bildua eibar.org
Or, Abe 31, 01:43:56, CET 2004


Kaixo:

Carlos Fernández de Casadevante irundarra da. Carlos F. de Casadevante 
Zuzenbide irakasle izan nuen Fakultatean. Real Unión futbol taldeko 
presidente ere izan zen. Orain, mehatxatuen olatua aprobetxatuz (hori diote 
mihi luzeek), Madrileko unibertsitate pribatu batean ari dela uste dut, 
baina ezin dut ziurtatu datu hau. Donostian ikusten dut noizean behin.

Ez nintzen Durangora joan eta gaur arte ez naiz liburudenda batetik lasai 
pasa. Besteak beste, Joxean Elosegik atondu duen "Joxe Mari Lopetegi. 
Errepublikanoen bertsolaria" liburua erosi dut gaur. Soraluzeko Paper 
hotsak argitaletxeak publikatu du. Lopetegi hau irundarra zen, zinegotzi 
izandakoa.

Liburua oso gainetik begiratu dut, baina bi gauza hauekin topatu naiz:

1.- "Tradizio handiko pertsonaia izan da betidanik Olentzero Irunen, ez 
duela urte batzuk ekarria...". Egiya esateko nire familian Errege egunekoak 
izan gara, hala ere.

2.- 199. orriko honek badu Casadevante familiarekin zerikusia. Badakigu 
norbera bere ekintzen erantzule dela, ez guraso edo bestelako ahaideek 
egiten dutenaren erantzule, baina, por comentarlo...

Txazkua
1937ko otsaila-martxoa

Irunen gertatzen ari zenaren oihartzunak berehala iristen ziren Hendaiara, 
eta gertatu orduko jakiten zuten frankistak egiten ari ziren triskantza 
guztien berri. Irunen sartu eta bost egunen buruan, 1936ko irailaren 10ean, 
antolatu zuten militar frankistek Udal berria, Jose Angel Fernandez de 
Casadevante buru. Hondarribiko etxe on batean sortu zen 1881ean eta Irungo 
udal arkitekto jardun zuen 1905-1912 bitartean. Politikan hasi zen ondoren, 
eskuindarren lerroetan beti, eta Lopetegiren garaian egon zen zinegotzi, 
1913-1917 bitartean. Irungo alkatea eta Gipuzkoako Diputazioko 
lehendakariordea izan zen 1926an, Primo de Riveraren diktaduraren garaian. 
1936ko abenduan utzi zuen alkatetza. Honela aurkeztu zuten Euzkadi en 
Catalunya astekarian, 1937ko urtarrilaren 2an:

"Es el alcalde de los fusilamientos en masa, de los asesinatos alevosos, de 
las depredaciones piratescas, de las violaciones a toda ley moral humana. 
Es, en suma, el prototipo del alcalde fascista".

Ongi ezagutzen zuen Joxe Mari Lopetegik Jose Angel Fernandez de Casadevante 
eta umorez eraso zion bertso hauetan. Bertsolariak gogoratuko duen bezala, 
frankistek gerrari ekin ziotenean Azkainen babestu zen, jakinik Irunen 
geldituz gero onik ez zuela izango. Zerbait jakingo zuen hark, gainera, 
askoz lehenagotik. Gure egunetan, gerrako denborak eta gertaerak horren 
lanbrotsu eta nahisirik azaldu nahi izaten dizkiguten garai honetan, 
errepublikano peto azaldu nahi izaten diren ezkertiarren balizko 
neurrietatik ihes Lapurdiko hainbat tokitan babestu ziren burges batzuk, 
frankisten eraso beldurgarrien ondorioz erbesteratu ziren.

Txazkua eraman zuten Irungo frankistek azaroaren 7an herri guztian bandoan 
iragarritako garaipen haiek, ustezko eta ez hain ustezko garaipen haiek, 
trakeskeria bat zela medio ospatzeko aukerarik izan ez zutelako. Garaipen 
txiki haien poxak barrua pittin bat goxatuko zien, une batez bederen, 
iheslari irundarrei.

Txazkua

Irungo alkate daguen orrek
Jose Angel du izena,
falangistak Irunera arte
Azkainen egondu dena,
bere aitaren deitura artean
gorde izandu duena,
au da efe de Casadevante
au da efe de Casadevante
beti siñatzen zuena

Orain erriko alkate
daguen onetan,
Jose Angel Fernandez
jartzen du denetan.
Oiken esku diraden
leku guztietan,
dabiltz gizonak iltzen
eta lapurretan.

Len euskalduna zala esanaz
aitan deitura gordetzen,
nola ibili izandu zeran
ez al zerade oroitzen;
orain alkate falankistakin
euskal izkuntza galazten,
orrelakuak bizkarra autsita
orrelakuak bizkarra autsita
zorrak ez ditu ordaintzen.

Len euskaldun jatorra
euskeraz izketan,
orain euskera galazten
itxura txarretan.
Oiken esku diraden
leku guzietan,
dabiltz gizonak iltzen
eta lapurretan.

Azkainen gordeta irten gabe
igaro ditu egunak,
oroitzen zuten gau eta egun
Ondarrabi eta Irunak:
esanaz sartzen diradenean
Irunen nere lagunak,
bildots bat eta zagi bat ardo
bildots bat eta zagi bat ardo
emango ditut nik jaunak.

Agindu bezelaxe
ordainduaz bertan,
Irun erori zala
oiken eskuetan.
Oiken esku diraden
leku guzietan,
dabiltz gizonak iltzen
eta lapurretan.

Bildotsa jaten ari zirala
zagi ardua eranaz,
ango oikeri besarkatziak
alkarri esku emanaz;
aurrera dijoaz gure laguank
urka zorrotz eramanaz.
Madri artzean beste oinbeste
Madri artzean beste oinbeste
emain dizuet esanaz.

Azaruan zazpian
bere esanetan.
bildotsa ta ardua
biraldu pozetan.
Oiken esku diraden
leku guzietan,
dabiltz gizonak iltzen
eta lapurretan.

Lendabiziko bildots ta ardua
juan ziran kontrabanduan,
ordaindu gabe bear bidean
legeak daukana mugan;
an zauden legezai edo guardak
jakindu zuten orduan,
azio orri urrengorako
azio orri urrengorako
iruki zuten goguan.

Ardua ta bildotsa
igaro mugetan,
kontrabando eginda
kendu zaizka bertan.
Oken esku diraden
leku guzietan,
dabiltz gizonak iltzen
eta lapurretan.

Bi egun barru atera ziran
saltzeko errematian,
gure lagunak zaitutzen zeuden
norbait mugitu artian;
ezkerrekuak erosirikan
guztizko modu merkian,
Madriko gudarien omenez
Madriko gudarien omenez
jan da eran zuten pakian.

Jose Angelen lagunak
beren biotzean,
ustez poza zutenak
or daudez penetan.
Oiken esku diraden
leku guzietan
dabiltz gizonak iltzen
eta lapurretan.

At 00:44 31/12/2004 +0100, you wrote:

><http://www.diariovasco.com/pg041230/prensa/noticias/Opinion/200412/30/DVA-OPI-317.html>http://www.diariovasco.com/pg041230/prensa/noticias/Opinion/200412/30/DVA-OPI-317.html
>_______________________________________________
>
>

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/eibartarrak/attachments/20041231/8102761b/attachment.html>


Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago