[eibar] Ez dakit baina uste dut...

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Api 24, 20:44:12, CEST 2005


	Hirurogeigarren hamarkadako eztabaidetan sarri aipatu izaten zen erlijioaz,
politikaz eta futbolaz hitzegiteko ez zegoela jakin beharrik. Eta
euskalgintzan hasiak ginen gazte arrarook ezarri ohi genuen, adarra jote
aldera, ezta euskarari buruz hitzegiteko ere.

	Berrogeita bost urte geroago gauzak zerbait aldatu dira. Segurutik  jendeak
orduan baino gehiago daki orain politikaz, futbolaz eta euskal hizkuntzaz
baina, behar bada, orduan baino gutxiago  erlijioaz ... erlijio katolikoaz
behintzat.

	Azken bi astebeteotan Erroman izan diren gertakariek erakutsi digute,
besteak beste, jendea zein urruti dagoen Eliza Santutik, zein informazio
gutxi duen erlijio katolikoaz eta, aldi berean, zein ausardia handia duen ez
omen dakienaz hitzegiteko.

	Nola irratian hala telebistan, lanean zein lagunartean, tabernan edo
kalean, ez dut nik aspaldian horrenbeste bider entzun harako leloa: “Nik ez
dakit baina uste dut...”. Mundu guztiak sentitu du bere ezjakintasuna
aitortu beharra lehenik eta, hala ere, bere iritzia eman nahia gero.  Nahiz
kazetari, esatari, solaskide, inkestatu, gonbidatu edo entzule arrunt izan,
inork ez du esan “nik ez dakit horretaz eta ez dut ezer esango”,  beste hau
baino: Nik ez dakit baina uste dut...; ni ez naiz eliztarra baina iruditzen
zait...; ni ez naiz fededuna baina esango nuke...; nik ez dut sinesten baina
dirudienez...; nik  ez dut ulertzen baina garbi dago... eta zentzu bereko
leloak.

	Zalantzarik ez gero demokrazian edozein buruk duela bere aburua azaltzeko
eskubidea eta egia ere bada Benedikto XVI.az iritzia emateko ez
dagoela –Aita Zabalak bezala-- Ratzinger kardinalaren bederatzi
teologi-liburu aldez aurretik irakurri beharrik. Baina, hala ere, zer pentsa
ematen du gero, ezjakintasuna aitortu dutenen iritzia kritikoa izan den
bitartean,  Pello Zabala frantziskotarrak Aita Santu berria estimutan
hartzea eta haren maisutzaz gozatzeko itxaropena aldarrikatzea.

	Nik ere ez dakit ezer baina esango nuke....

	Amatiño



Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago