[eibar] Retinoblastoma

Elena Laka elaka a bildua futurnet.es
As, Api 26, 15:09:49, CEST 2005


Gure ume txikiak, bi urte t'erdiko Oier potolito eta berritsuak, retinoblastoma bat dauka. Retinoblastoma begian agertzen den tumore kantzerigenoa da. Oierrek ezkerreko begian dauka, eskumakoa ez dauka ukituta.

Joan zen martitzenean txanda geneukan umea oftalmologoarengana eramateko. Begia piska bat okertzen zuela antzeman genion, eta pentsatu genuen hobe zela kontsulta bat egitea. Pentsatzen genuen, trankil asko, antiojoak edo partxe bat ipiniko ziotela, estrabismoren bat edo izango zela. 

Oftalmologoak segituan igarri zion eta beste paterfiliorik gabe esan zigun: Oierrek tumore bat dauka, retinoblastoma bat, eta ezkerreko begiko ikusmena erabat galduta dauka. Gaur egun badago tratamendurik tumore horri aurre egiteko, borroka begia salbatzeko izaten da. Ez ibiltzeko bueltaka, Madrideko La Paz ospitalera eramateko, Abelairas medikuarengana. 

Ostegunean goizeko bederatzietan La Pazeko haur ospitalean geunden. Abelairasek ikusi zuen eta diagnostikoa berretsi. "Retinoblastoma unilateral izquierdo". Mugan begia salbatzeko. Ekografia eta analisiak egin ondoren, sei zikloko kimioterapia agindu zigun, biharamonean hasteko. 

Ez da erraza haur ospital bateko onkologi zerbitzuan sartzea, ez behintzat tripan golpe bat sentitu gabe, jakinean gainera zure umea haietariko bat dela. Karrotxoetan zihoazen hilabeteetako umeak, futbolean ibilitzeko adina dutenak, diskoteketan burua sartzen hasteko adina dutenak, denetik zegoen han. Gehienak burua estalita. Izugarria zenbat irakur daiteken ilerik ez daukaten umeen begietan. Begirakun tristeak iruditu zitzaizkidan, serioak, arduratsuak, helduak. Guztiak zain itxarongelan, lehiotik ihes egiteko gogoa ematen zuen eguzkia sartzen zen bitartean. 

Bigarren egunean, kimioterapia hartzea tokatzen zitzaigun egunean, erabat murgilduta geunden. Umeak izena hartzen hasi ziren, gurearekin jolasean hasi ziren. Eta gurea ere, haretxen moduan, tratamendua hartzen hasi zen.

Goiz osoa egon ginen laborategi txiki hartan sartuta, kableari entxufatuta, ipuinak kontatzen, bideoak ikusten eta galletak jaten. Ordu biak aldera bukatu eta ospa, etxera, hurrengo ziklorarte, hiru aste barru.

Laurak aldera hasi ziren kimioaren ondorioak. Oier botaka hasi zen, eta horrela pasa zuen arratsalde osoa. Ura ere ezin edan bota gabe, lorik egin ezinda, nahiz eta makalik egon, gomitoka hasten zelako. Etxera iritxi ginenerako umea traputxo bat zen. Orduan tokatzen zitzaion ospitalean emandako botika hartzea, botagurea kentzeko. Botika hartu eta bost minutura hasi zen umea janaria eskatzen, jaten, kantuan eta dantzan. Primeran afaldu zuen eta hobeto lo egin. Harrez gero bere onera etorri da, eta ez du ondorio gehiagorik izan.

Orain umea ondo dago. Bihar bueltatu behar dugu erresonantzia bat egitera, zerebroa ikututa daukan ikusteko. Eta hurrengo, hilaren 12an, bigarren kimioterapia zikloa. 

Prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da. 

Honeraino kontatzeko neukan premia, premia izugarria. Bloga egiten asmatzen badut, bertara joango da. Baina orain ez daukat horretarako indarrik. 

Elena



-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/eibartarrak/attachments/20050426/21d32806/attachment.html>


Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago