[eibar] The end of the Nation State

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Urt 9, 19:42:43, CET 2005


	Luis Seara nere ilobak peronismoa zertan den ulertzeko liburua bidali dit
Argentinatik: “Los tres peronismos. Estado y poder económico: 1946-55 /
1973-76 / 1989-99” (Ricardo Sidicaro. Buenos Aires, 2003).  Izenburuari
darionez, ez da justizialismo politikoaren historia, azken 50 urteotan
peronismoaren ildotik Argentinan izan diren aldaketa ekonomikoen azterketa
baino: Peronen Estatu-interbentzionismotik,  Menemen
amerikar-globalizazioraino.
	Egileak Menemi kritikatzen dio Keinichi Ohmae ekonomilariaren
globalizazio-tesiak (“The end of the Nation State”) indarrean jartzea,
Argentinako nazio-estatuaren burujabetzari utzi eta Washingtonen morroi
amaitu izana. Hau da, euskal ekonomiaren arrakasta  ulertzeko erabiltzen
ditugun Ohmaeren teoria berberak omen dira Argentinako ekonomiaren
hondamendia erakarri dutenak.
	Keinichi Ohmaeren tesia ezagun samarra da. Bere ustez, globalizazioa
dela-eta, nazio-estatuak txikiegiak dira honez gero mundu-ekonomian eraginik
izateko eta euren lurralde, enpresa eta hiritarren interes ekonomiko
tradizionalak babesten ahalegintzen diren Estatuek ez dute luzera
etorkizunik. Eta, alderantziz, nazio-estatuaren babesetik kanpo baldintza
lehiakorrak sortzeko gauza diren lurraldeek arrakasta lortu dezakete
mugabako mundu-ekonomian.
	Beraz, behar bada, Menemen politika ekonomikoak ez zuen porrot egin
Ohmaeren okerreko teoriak jarraitzeagatik, Ohmaeren teoria zuzenak oker
jarraitzeagatik baino.  Izan ere, amerikarren morroi edo ez,  Argentinak ez
dio sekula nazio-estatu izateari utzi. Industria argentinarrak ez du
nazioarteko lehiakortasunik lortu eta bere produktuak ez dira nazioarteko
merkatuetan saltzen. Euskal ekonomia, ostera, Alemania edo Frantziakoa baino
irekiagoa da.
	Paradoxa bada ere, Argentinak ez du bururik altxatu, nazio-estatua izan
arren, nazio-estatua izateari eutsi nahi izan diolako. Eta Euskadik gora
egiterik izan du, ez nazio-estatua delako, hain zuzen ere nazio-estatua ez
dela jabetu delako baino.

	Amatiño



Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago