[eibar] Ipar Muturra 71º 10´ 21´´

Amatiño amatino a bildua eaj-pnv.com
As, Uzt 5, 10:52:09, CEST 2005


	Europako lurralderik iparrena Norvegian dago, Eskandinaviako maparen
puntaren puntan, aurrez aurre Artikoari begira jarritako talaian. Leku
ikusgarria, ikusgarririk bada, benetan ematen baitu mundua bertan amaitzen
dela. 
 
 	Euskal Herritik bost mila kilometro inguruko itsasbazter hartan dago
seinalea non letra-moldez grabatua irakurri daiteekeen, bata bestearen
ondotik, lehenik norvegieraz: Nordkapp 71º 10´ 21´´ eta ondoren ingelesez:
The North Cape 71º 10´ 21´´. Azpian, berriz, errotuladore beltzez eta txukun
samar: Ipar Muturra 71º 10´ 21´´.

	Ez da euskara iragarki hartan agertzen den hizkuntza intruso
bakarra, inguru guztian zehar hainbat mezu agertzen baita, edozenbat
hizkeratan, haraino heldu izan diren bidaiarien izen-abizenak eta datak
gogoratuz, eta halakoetan izan ohi diren aldarrikapenak eginez: "Milano
sempre presente", "merde" eta horrelakoak. 

	Itxura guztien arabera ordea, euskalduna izan zen seinale hartan
bere lorratza estreinako jartzen ausartu zen bidaiaria, bai lekurik
aproposenaz jabetzeko aukera izan zuelako eta baita lekuaren izen ofiziala
bere hizkuntzara itzuli nahi izan zuen bakarra izan zelako ere.

	Zail da gero jakitea zer pasatu ote zen gure euskal bidaiariaren
burutik, baina segurutik ez genioke egiari zor handirik izango baldin esango
bagenu... Lehenik, ez zitzaiola ausardiarik falta izan garbi aurkitu zuen
kartelaren gainean idazten hasteko. Bigarrenik, ez zuela errotuladorea
erabili graffiti pertsonalik egiteko, bere hizkuntza aldarrikatzeko baino.
Eta, hirugarren, ez zela nonbait bat-bateko erabakia izan, hango
eguraldi-baldintza gogorretan luzaro iraungo zuen tinta-mota etxetik eraman
baitzuen seguru asko.

	Esan beharrik ere ez gero, mutur hartaraino hurreratzen diren
bidaiarietarik %99k ez duela sekula jakin ahal izango zein hizkuntza ote den
hirugarren hori, baina aitortu ere aitortu behar dut haraino joan eta bi
hitz horiek irakurri ahal izateak nolabaiteko bizipoza eragiten duela.

	Amatiño

	

 




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago