[eibar] Zaharra berri

Amatiño amatino a bildua eaj-pnv.com
As, Uzt 5, 11:00:27, CEST 2005


	Azaroaren 14an Batasunak esandakoa ez zen berria. Berria zena
Batasunak esatea zen. Sei hilabete geroago espainiar Kongresuak onartutakoa
ere ez da berria. Berria dena Kongresuak onartzea da. Arestian Elkarriren
ardurapean zortzi alderdi-ordezkarik Eginoko mahaian sinatu berri dituzten
proposamenak ere ez dira oso berriak, berria dena hiru nafar alderdiren
ordezkariek sinatzea da. 
 
	Auskalo gero zergatik den albiste Batasunak euskal gizartearen
gehiengoak onartzen dituen gauzak esatea, zergatik den iraultza Kongresuak
Ajuria Eneko Ituna 17 urte beranduago onartzea edota zergatik berria den
alderdi nafarrek sinatzea beraien Euskal Erkidegoko anaiek sinatutako
berbera. 

	Ajuria Eneko Itunak (1988) eta Ardanzaren (1998) zein Eginoko (2005)
proposamenek onartzen dute, funtsean, bakea elkarrizketaren bidetik etorriko
dela, elkarrizketa armak uztearen ondotik gertatuko dela eta elkarrizketa
politikoa alderdien artean baino ez dela burutuko. 

	Ez bide du inork ukatzen elkarrizketak baldintza eta mugarik gabe
izan beharko duela, historia kontuan hartuz baina egungo egoera zertan den
ahazteke, beti ere herriaren hitza eta erabaki-ahalmena gogoan izanik. 

	Egunen batean gauzak konponduko dira eta ez dugu ulertuko zergatik
behar izan dugun horrenbeste denbora gauzak konpontzeko.

	Amatiño
 




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago