[eibar] Biderik gabeko Santiago-bidea

Amatino amatino a bildua eaj-pnv.com
Al, Uzt 25, 16:42:30, CEST 2005


Adineko euskaldun fededun askok ez du ulertzen zelan arraio 
Santiago eguna jai den  Euskadin. Gure aittitta zenak, nahiz eta 
jaiegunero mezatara joan, Santiago egunean apropos uzten zion 
joateari, “Espaiñako patroia zalako”.  

      Auskalo gero frankismoaren eraginez izan ote zen, baina gerra 
ostean indarrez zabaldu zen euskal itsasbazterreko Santiago-bidea. 
Jakitun ei zirenek erakutsi ziguten Nafarroatik pasatzen zen “bide 
frantsesaz” gainera, bazela beste bat, Irungo Santiago zubitik sartu 
eta Pasaia, Igeldo, Itziar, Astigarribia, eta Ziortza barrena, Bilbora 
zihoana. Hala ere, gero etorritako jakitunek bide hori gezurtatu dute.

       Elena Barrena eta Jose Antonio Marin azterlariei jaramonik 
egingo badiegu,  gaurregungo mapak besterik ematen badu ere, IX-XI 
mendeetan ez zen jakineko biderik Gipuzkoa eta Bizkaiko 
itsasbazterrean. Gaurko begiez ikusita gauzarik normalena Donostiatik 
Bilborako autopista iruditu arren, orain dela mila urte Gipuzkoako bide 
nagusiak ez ziren  “ezker-eskuinekoak”, “behetik gorakoak” baino, hau 
da, ibaiak jarraituz, hegoaldetik iparralderantza Nafarroatik eta 
Arabatik itsasoraino zihoazenak. 

     Erdi Aroan Mediterraniotik Atlantikorako galtzadarik 
garrantzitsuena Tarraco-Oiaso (Tarragona-Iruñea-Bidasoa) zen eta 
Bilborako bidea ez zen itsas-albokoa, Iruñetik Beasain, Bergara eta 
Elgetarainokoa baino; edota Arabatik zehar Arlaban, Arrasate eta beti 
ere Elgetara bitartekoa, hemendik Elorriora jaitsi eta Durangaldean 
zehar abiatzeko. Aldi berean, Akitaniatik Bidasoaraino zetorren bideak 
ez zuen itsasbazterretik jarraitzen, Andatzarratetik zehar Lasartetik 
Beasainaldera baino, eta hemendik, berriro ere,  Elgeta gainera. 

      Beraz, gure itsasbazterreko Santiago-bidea oinarririk gabeko 
asmakizuna da eta gure turismo-paperak gezurretan ari dira. Itsasaldeko 
herriek pentsa dezakete ea zertara datorren orain sasi-boikot hau, eta 
elgetarrek pentsa lezakete, ostera, ea noiz arraio den euren txanda.

      Amatiño





Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago