[eibar] Ez dira 110 alperriko joan

Amatino amatino a bildua eaj-pnv.com
Iga, Uzt 31, 22:56:59, CEST 2005


      Atzo bezalako egunean, 1895eko San Inazio egunez, Sabino 
Aranak “Euzkotarren Aberria Euzkadi da” esan eta lehen euskal alderdi 
abertzalea sortu zuen. Nekez pentsa zezakeen orduan Aranak bere 
ekimenak 110 urte iraungo zukeenik.

      Bizkaiko hazkuntza ikaragarria izan zen XIX  mendearen azkenaldi 
hartan. Araba eta Gipuzkoako biztanlegoa %15 gehitu zen bitartean, 
Bizkaikoa %94 hazi zen. Berrogei urtean (1860-1900), Barakaldoko  
biztanleria %460 gehitu zen, Abantokoa %650, Trapagarangoa %850 eta 
Sestaokoa %2.700. Ez zuen, ostera, denak gora egin Bizkaian, kanpotar-
jario hartan euskarak behera egin baitzuen ezinbestean, %90etik %11ra 
hiru belaunaldiren buruan.

       Adierazpidetzat baino ez, orduko lekuko dira, oraindik ere, 
Bilboko Burtsa, Arriaga Antzokia, Bilbo eta Bizkaia Bankuak, Bilboko 
Udaletxea, Portugaleteko Bizkaia Zubia, Santanderrerako Tren Geltokia, 
Foru Diputazioren Jauretxea, Labe Garaiak, Euskalduna (ontziolak) eta 
Ibaigane (Athletic) jauregiak etab. 

       Sekulako hazkuntza harek inoiz Euskal Herrian izan diren 
dirutzarik handienak suspertu zituen (espainiar estatuko enpresa-
kapital guztien erdia Bilbo inguruan bildu omen zen) eta baita inoiz 
baino txartoago banatuak eta partekatuak ere. Segurutik sekula ez da 
izan Euskal Herrian aberats eta langile xumeen artean orduan besteko 
alderik.

       Aldi berean, taiuz eta zentzuzko aldaketa nabarmen haiek gertatu 
ziren lege zaharrak eta lekuan lekuko herri-erakundeak galzorian eta 
noraezean suertatzen ari ziren bitartean. Giro deserrotu hartan sortu 
zuen Aranak Euzko Alderdi Jeltzalea, arrazoiz zein ez,  berak gogoan 
zuen herri-eredua maldan behera ikusten zuelarik.

       Geroztik ez dira 110 urte alferrik joan. Inondik ere ez gero 
Aranaren meritu soilez, baina bai berak piztu zuen argi-izpiari esker, 
gaur egungo euskal gizartea ordukoa baino askoz  ere justuagoa, 
egituratuagoa eta “nazioagoa” da. Zail da gero asmatzea, baina nik neuk 
sinatuko nuke hurrengo 110 urteetan beste horrenbesteko aurrerapausua 
ematea.

        Amatiño







Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago