[eibar] Zelako ordua, halako jarrera

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Api 1, 21:17:42, CEST 2007


	Honez gero hirurehun urte dira XVIII. mendearekin batera Ilustrazioa
indarrean jarri zenetik hona, Europan zehar. Hiru mende, Montesquieuk
(1689-1755) botere legislatiboa, exekutiboa eta judiziala bereiztu zituela,
Voltairek (1694-1778) tolerantzia aldarrikatu eta Rousseauk (1712-1778)
“Gizarte Ituna” idatzi, non gizabanakoak bere hainbat eskubide estatuaren
ardurapean uzten zituen.  Hiru mende, filosofia hura Euskal Herrira heldu
zela, Azkoitiko Zalduntxoak, Bergarako Seminarioa eta gainerakoak lekuko.

	Ez dakit astelehen buru zuri bateko artikulu koxkorrari ekiteko ez ote den
hasiera ponpoxoegia edo, bestela esanda, irakurleak honelako ospelkeriak
irakurtzeko gertu ote dagoen, baina gure artean oraindik ere takian potian
esaten eta defenditzen direnak ikusita, zalantzan jartzekoa da Ilustrazioak
sekula Bidasoarik zeharkatu ote zuen edota, inoiz etorri bazen, benetan
luzaro iraun ote zuen.

	Esanak esan, segurutik hirurehun urte alferrik joan ez diren arren, ez du
oraindik  ematen hiru botereak uneoro bereizten direnik, ez dirudi
tolerantzia emaitza oparoa denik eta, zer gerta ere, estatua babes ziurtzat
jotzen denik ere.

	Sekulako orekarik eza sumatzen da sarri euskal gizartearen baitan,
oinarrizko zenbait aldarteren artean edota, hobeto esan, zenbait
“ordutegiren” artean. Esango nuke esan, goizeko 8etatik arratsaldeko 6ak
arte euskal gizartea kalbinista, erreformista eta gradualista samarra
dela --lanaren balore moralaz, lehiakortasunaz eta arrakastaz sinesten
duena— baina iluntzeko 6etatik aurrera, ordea, bere mamu guztiei amain
ematen diela, lan-arloan ez bezala esparru sozialean edo politikoan
eskakizun, utopia eta gurari guztiak bat-batean eskuragarri balira bezala.

	Euskal gizartea erabat “ilustratua”, malgua, modernoa, unibertsala eta
esportagarria da, oro har, lanari dagozkionetan; baina, aldi berean, bere
baitan ditu lanaz kanpo guztiz jarrera zarpail, zurrun, ez homologagarri eta
esportagaitzak dituzten sektoreak.

	Amatiño




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago