[eibar] Independentzia bai, baina
Amatiņo
lamatino a bildua euskalnet.net
As, Api 3, 08:03:57, CEST 2007
Eusko Jaurlaritzaren azken soziometroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako
hiritarron independentziari buruzko jarrera jaso du. Laburbilduz, ehunetik
30 ados daude independentziarekin, ehunetik 35 kontra eta, ehunetik 20, alde
edo kontra egongo lirateke egoeraren arabera.
Beraz, garbi asko independentziaren kontra daudenak heren bat baino
gehiago izan arren, eta zeharo alde daudenak, berriz, beste heren bat baino
gutxixeago, benetan balantza alde batera edo bestera behartuko luketenak,
erabaki aurretik baldintzak eskatuko lituzketenak dira.
Eta zeintzuk ote independentziaren alde agertzeko eskatuko lituzketen
baldintzak? Ba, lehen-lehenik, bakea segurtatu beharra, independentzia bide
baketsuz eta demokratikoz lortzea, hiritarron arteko liskarrik gabe,
gehienon borondateari jaramon eginez, beti ere Estatuarekin hitzartuko
balitz eta ondorio ekonomiko kaltegarririk eragingo ez balu.
Horrez gainera, gutxiago badira ere, badira beste batzuk honako hiru
baldintza hauek ere jarriko lituzketenak: Europako Batasunean jarraitzea,
bizkaitarrek eta gipuzkoarrek ezezik arabarrek ere nahi izatea, eta
noizbaiteko Euskadi independiente horretan euskara derrigorrezkoa ez izatea.
Erantzunak ikusita, nik esango nuke jendeak, lehen eta behingoz, bakea nahi
duela. Baina ez bakarrik biolentziarik gabeko egoera, baita demokratikoa,
integratua, anitza eta elkarri errespetatzeko gauza izango den gizartea ere.
Jendeak gatazkari eta setakeriei die beldur, ez zentzuz elkarren artean
hartu daitezkeen erabakiei.
Amatiņo
Goiz Kronika
Euskadi Irratia
2007-04-03
Eibartarrak posta zerrendari buruzko
informazio gehiago