[eibar] Euskararen mapa mundia

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Api 8, 23:44:08, CEST 2007


	Asteartean inauguratu zuen EiTBk Bilboko egoitza berria. Aurten beteko dira
25 urte Eusko Legebiltzarrak Euskal Irrati Telebista sortzeko legea onartu
zuela. Geroztik urrats galanta jorratu dute ETBk zein  Eusko Irratiak.

	EiTB ez zen ustebako gibelurdina bailitzan bat-batean sortu. Hiru urte
lehenago erreferendumez onetsitako Gernikako Estatutuak zera zioen: “Euskal
Herriak erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa
propioa, eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen giza
komunikabide guztiak”. Eta 1979ko hauteskundeen ondoko Jaurlaritzak
aurreneko gobernu-programan sartu zuen irrati-telebistaren egitasmoa.

	Sortze-legeak dioenez, bi helburu zehatzez jaio zen EiTB. Batetik, euskal
hiritarrak informatzeko eta euren eskuhartze politikoa eragiteko. Bestetik,
hezkuntza-sistemaren lagungarri, euskal kulturaren bideragarri eta
euskararen sustagarri. Ordutik,  batek daki EiTBk hiritarron eskakizunik
asetu ote duen baina ezin esan bi helburuok bete ez dituenik.

	Beste ezein hedabideren ekarpena zalantzan jartzeke, EiTB da gaur
erreferentziarik behinena eta hiru euskal esparru politikoak biltzen dituen
komunikabidea. Segurutik, Europako Batasuna, Euskaltzaindia eta EiTB dira
euskal hiritarrengan eragin bateraturik duten erakunde bakarrak.

	Guggenheimek mapa mundian barrena jarri baldin badu Euskadi, EiTBk
euskararen mapa mundia jarri du gure etxe baitan. Eskola-umeei euskarazko
marrazki bizidunak eskaintzea garrantzitsu bada, auskalo ez ote den
garrantzitsuago erakunde, alderdi, enpresa, elkarte eta talde-eragileen
bozeramaileak euskaraz hitzegiten jarri izana.

	EiTB ez da munduko “zortzigarren marabilla” baina bai 1982an inork amestu
ez zuen errealitatea. Nekez imajinatu dezake orain inork EiTBrik gabeko
euskal gizarterik hezkuntzan, kulturan, politikagintzan, hedabideetan zein
ikus-entzunezko industrian. Behar bada bere baliorik handiena ez da “hor“
egon izana, ”hortik“ falta ez izana baino.

	Amatiño




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago