[eibar] XXI. mendeko Euskal Hiria

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Api 15, 18:00:06, CEST 2007


	Eskola-umea nintzela --zer esanik ez gurasoen gaztaroan-- nabarmena zen
kaletarren eta baserritarren arteko aldea, eraz, hizkeraz, janzkeraz eta,
jakina, bizilekuz. Eta sekulakoa gero gure herri eta hirietako biztanleen
distantzia físiko eta psikologikoa. Panorama erabat aldatu da. Gero eta
txikerragoak dira baserrian, herrian edo hirian bizi direnen arteko
diferentziak.

	Mendebaldean behintzat, XIX. mendeko hiriak jakineko erdigunea zuen, non
botore politikoa (udala), ekonomikoa (merkatua) eta erlijiosoa (eliza)  begi
bistakoak ziren. Etxeak ere, zenbat eta erdigunetik urrutiago merkeagoak
ziren eta gizarte-maila apalago. Egonkortasuna zen XIX. mendearen
ezaugarria.

	XX. mendean, berriz, zentru publikoak garrantzitsu izaten jarraitu zuen
baina hirien esparru pribatua auzoz kanpo zabaldu zen. Etxebizitzak
han-hemenka sakabanatu eta giza-eremuak handitzearekin batera, zerbitzu
publikoak eta pribatuak barreiatu ziren. Mugikortasunak itxuraldatu zuen XX.
mendeko hiria.

	XXI. mendean zehar, ohiko botereek indarrean jarraitu arren, euren
zentralitate fisikoa galduko dute, teknologia berrien eraginez eta
hiritarren zantzuak bertatik bertara jarraitu beharraren beharrez.  Hurrengo
belaunaldiak nekez bereiztuko ditu kalea eta baserria, hiri berriak ez du
zentru fisiko jakinekorik izango, hipermerkatuak kale bazterreko denda
txikia irentsiko du eta iritzi publikoa ez da herriko plazan erabakiko
komunikabideetan baizik. Sare telematikoek eta garraio lasterrek egituratuko
dute hiri berria.

	Euskal Herrian, globalizazioaren eraginez munduan zehar nagusituko den
modelu honen ondoriorik nabarmenena ez da bertako bost hiriburu nagusien
zabalkunde hutsa izango, boston arteko distantziaren murrizketa baizik. Eta
aldaketa morfologikoek ez dute urbanisten lana bakarrik eraldatuko, baita
gure jokabide eta pentsamoldeak ere. Horretara, Bernardo Atxagaren
aldarria --hiri kosmopolita versus herri etnikoa-- ez da proposamen soila,
gertakizun faktikoa baino.

	Amatiño




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago