[eibar] Euskadi sasitropikala

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
As, Api 17, 07:58:38, CEST 2007


	Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak eta Deba arroko hainbat udalek
“Euskadi Tropikal?” izeneko programa jarri dute martxan, gazteek industria
arloan lan egin dezaten animatzeko.

	Behin eta berriro aipatu izaten dugu Euskadi gizarte industriala dela, gure
maila teknologiko handiari esker sekulakoak garela eta gure produktuak,
berriz, kristonak nazioarteko merkatuetan. Baina ez dugu ostera aitortu nahi
izaten, euskal industria 4.000 teknikoren beharretan dagoela bere premiei
erantzuteko. Eta hau gertatzen da, jendea lanposturik ezaz kejatzen den une
berean.

	Tristea ez balitz barregarri samarra izango litzateke, baina mundu guztiak
funtzionario, abogadu, kazetari, diseinugile edo artista izan nahi omen duen
gizarte honetan gure ekonomiaren oinarri diren enpresa industrialek ez dute
behar besteko teknikorik topatzen.

	Beraz, panorama larria da benetan. Batetik, bagenekien gurean gero eta
gazte gutxiagok nahi duela enpresari izan. Orain, berriz, jakin ere badakigu
gazte jendeak ez duela gure betiko lan-merkatuak eskaintzen dituen
lanpostuak gura.

	Beste modu batez esanda, gazteek ez dute lanposturik sortu nahi, beste
norbaitek eurentzako lanpostuak sortzea baizik. Eta, sortzekotan gainera, ez
gero lanpostu industrialak, euren gustukoak baino.

	Orain dela berrogeita bost urte inguru, 1960ko hamarkadaren
desarrollismoarekin batera, gure aita zenak sarri asko esaten zigun: “Oingo
gaztiok lehenago ikasten dozue gastatzen, irabazten baino”.

	Zer ez ote lukeen orain esango, gaur egungo Euskadi sasitropikal honetan
bizi balitz...

	Amatiño
	Goiz kronika
	Euskadi Irratia
	2007-04-17




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago