[eibar] Don Camilo eta Peppone

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Api 22, 21:02:53, CEST 2007


	Bigarren Mundu Gerra ostean, Giovanni Guareschi kazetari eta idazleak Don
Camilo eta Peppone pertsonaiak asmatu zituen, garai hartako (1950) Italian
nagusi ziren pentsamolde kontrajarri bien arteko liskarrak adierazteko.

	Don Camilo herriko parrokoa zen, kristau demokrata; Peppone, berriz,
alkatea eta komunista. Biak ziren bihotz oneko italiar peto-petoak eta biek
ordezkatzen zuten italiar gizartearen aurpegi bikoitza, beti elkarren ondoan
baina beti elkarren kontra ika-mikatan haserre. Don Camilo (Fernandel) eta
Pepponeren (Gino Cervi) pasadizoek umorezko sei filme egiteko hainbat eman
zuten.

	Nekez pentsa zezakeen orduan inork Don Camilo erretorea eta Peppone alkatea
etsai amorratuek noizbait bat egingo zutenik. Baina horra non datorren
urtean elkarrekin bildu eta alderdi bakarra osatuko duten Romano Prodiren
kristau demokratek (L’Ulivo) eta Italiako alderdi komunistaren oinordekoek
(Democratici di Sinistra). Honelaxe erabaki berri dute asteburu honetan
bakoitzak bere aldetik eratutako kongresuetan.

	Segurutik gaur egungo kristau demokratak ez dira Don Camilo bezain
katolikoak eta integristak, eta komunistak ere ez dira Pepponeren besteko
gorri eta iraultzaile. Baina, zer gerta ere, biek erabaki dute etorkizuna
zubigintza dela eta egiazko paradisua (zerua nahiz iraultza izan) erdian
dagoela.

	Auskalo Fukuyamak (Historiaren amaiera, 1989), Daniel Bellek (Ideologien
amaiera, 1960) edo Albert Camusek (Ideologien amaiera, 1946) arrazoirik
zuten ala ez baina, edozein modutan ere, ezin nabarmenago gero gaur egun
irabazi nahi duten programa politiko guztiak zentrurantza jorratzen ari
diren urraspidea.

	Amatiño




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago