[eibar] Munduko Alderdi Demokraten Aliantza

Amatiño lamatino a bildua euskalnet.net
Iga, Api 29, 21:05:35, CEST 2007


	François Bayrouk iragarri du UDF siglak utzi eta Frantziako Alderdi
Demokrata sortuko duela ekaineko hauteskundeen aurretik.  Aldi berean,
Margherita --kristau-demokraziaren oinordeko aurrerakoiak-- eta DS komunista
ohiak elkarrekin osatuko dute Italiako Alderdi Demokrata.

	Berrikuntza hauek ez dira bat-batean biztu. Gibelean, Belgika, Frantzia,
Euskadi, Italia, Lituania, Txekia eta Txipreko zazpi alderdik 2004an
eragindako Europako Alderdi Demokrataren jarioa dago, hiru urteren
buruan --liberalekin batera-- Europako Parlamentuaren hirugarren indarra
bihurtu dena.

	Eta mugimendu hau ez da Europara mugatuko. Bertakoez gainera, apirilaren
22an Amerika, Ekialde hurbila eta Asiako hainbat alderdi bildu ziren
Erroman, Munduko Alderdi Demokraten gailurrean. Howard Dean EEBBetako
Alderdi Demokrataren  presidentea edota Shukria Barakzai Afganistango
emakume demokraten mugimenduaren buruzagia lekuko, Txile, Brazil, Israel,
Palestina, Japonia, India, Txina, Kurdistan eta beste hogeitaka naziotako
ordezkari demokratek agiria hitzartu zuten, “Basque Country”ko EAJ tarteko.

	Gurari batez hitzartu ere, alegia: Frantziako Iraultzak indarrean jarri
zuen eskuinaren eta ezkerraren arteko dikotomia gainditu eta egungo
hiritarrik  gehienek aldarrikatzen duten erdigunea areagotu, “eskuineko zein
ezkerreko populismoetatik ihesi”,  Francesco Rutelli italiar
lehendakari-ordearen hitzetan.

	Ajenda globala, nazioarteko segurtasuna eta terrorismoaren kontrako
jarrera, balore demokratiko eta giza-eskubideen defentsa, Milurteko
garapenaren egitasmoa, genozidio-arriskua (Darfur) ekidin beharra eta zentru
politikoa indartu nahia dira, besteak beste, Munduko Demokraten Aliantzaren
helburuak.

	Amatiño




Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago