[eibar] 1988ko manifestazioa (LEHEN omenaldia...)

Luistxo Fernandez luistxo a bildua eibar.org
Ost, Abe 17, 12:14:19, CET 2008


Bertokok, zapatuko biktimen omenaldiaz informatzeko banatu den dokumentazioan aurkitutako akatsaz:

>Linkena  emoten diren datu batzuk oker dira.
>Azpiri  eta Zabaletarena ez zan izan  1982an izan, 1988an baino, link honen  arabera.   
><http://www.diariovasco.com/pg060606/prensa/noticias/Opinion/200606/06/DVA-OPI-347.html>http://www.diariovasco.com/pg060606/prensa/noticias/Opinion/200606/06/DVA-OPI-347.html
> 

Bai, halaxe da, 1988an hil zituzten Azpiri (Eibarren) eta Zabaleta (Elgoibarren). Eibarren ETAren kontrako manifestazio handi bat ere izan zen orduan.

Ondo gogoratzen dut. 'Egin' egunkariaren eskualdeko edizioan lan egiten nuen, Debaldea zeritzon. 

Jai-eguna zen manifestazioarena, eta neuri tokatzen zitzaidan lan egitea jai-egun horretan. Nire txanda ez bazen, beste kazetari batena izaten zen (neure nagusiarena, edizioaren delegatuarena). Instrukzioak eman zizkidan nagusiak nola kontatu behar zen manifestazioarena, zehazki parte-hartzaileen kontaketa matematikoaz. Baina nolanahi ere, kontaketa hori berak egitea nahiago zuen, badaezpada, Mariano Ferrerren sistema erabiliz: puntu batean jarri, ilara bakoitzean zenbat doazen ikusi, minutu batean zenbat ilara pasa daitezkeen kontatu, eta manifestazioaren igarotze-denbora totala kalkulatu. Egin zuen kalkulua jefeak, eta kopurua eta sistemaren azalpena nola eman behar nuen indikatu zidan berriro zehatz. Zintzo bete nuen: besteak egindako kontaketa-kalkulua sartu nuen artikuluan, eta, en fin, nire izenarekin sinatu beste erremediorik ez nuen izan.

Handik egun batzuetara (ez dakit urte amaieran izango ote zen, Inuzente eguna ote zen errezeloa dut...), Eibarko Udaleko gobernu-bilerako ondorengo prentsaurrekoan "saritxo" umoretsu batzuk banatu zituzten PSOEren aginte-gobernukoek, Iñaki Arriola buru (nahiz eta oraindik ez zen alkate). Luis Fernandezi aipamen bat egin zioten, neroni alegia, kontatzen hobeto ikasteko edo... ez dakit diploma moduko bat edo kalkuladora bat edo zer eman zidaten, irriñoen artean. Beste kazetari lokalen aurrean izan zen, eta lotsa handia pasatu nuen. Une deserosoa izan zen.

Lanean hola publikoki lankideen aurrean lotsa pasatu izana beste behin bakarrik gogoratzen dut, Pello Salaburu EHUko errektore izandakoarekin. Ez naiz hasiko Salabururena kontatzen, baina, nolabait adierazteagatik, Iñaki Arriolak pasarazi zidan lotsa txikikekeriatzat daukat gaur eta ez diot (larregi) kontuan hartuko, baina Salaburu idiota eta putakume hutsa dela pentsatzen jarraituko dut hiltzen den arte (edo neu hiltzen naizen arte, segun zer den lehenago). 

Nik uste dut Mariano Ferrerren metodoa balekoa dela, eta seguruaski, eman ziren zifra "ofizialak" baino zehatzagoa izango zela neure izenez argitaratutakoa, zenbat jende egon zen benetan manifestazioan. Baina kontua ez zen zehaztasun matematikoa, noski, baizik eta hilketa haiengatik protestan eta ETAren kontra jende "gutxi" zegoela Eibarren aditzera ematea. Horixe zen kontuaren muina, eta ni peoi bat izan nintzen horretan.

Manifestazio hartatik beste gauza bat gogoratzen dut. Gizon batek sorbalda gainean umetxo bat zeramala egin zuen bidea (edo bidearen parte bat). Gutxi gora-behera, Espainiako trantsizioaren irudi ikoniko honetan bezala, http://www.elpais.com/especiales/2006/mirada/images/fotogaleria/7/foto1.jpg , baina umea trankilago, ukabila jaso barik eta txikitxoagoa, esango nuke. Akaso orduko hemeroteketan edo bideoteketan egongo da horren irudirik, ze holako uneak manifa batean deigarriak izaten dira kamerarientzat, eta gero irudi aukeraketa egin behar duten editoreentzat. Hura ikusi nuenean, neure kazetari-nagusiaren ondoan nengoen, eta esan zidan ume haren aitaren inguruan, "mira ese, está de campaña, va para alcalde", esanez bezala keinu populista batekin arreta deitu nahi zuela aita hark, karrera politikoari ekiteko edo. Eskerrak detaile horretaz idaztera ez ninduen behartu nagusiak. 

Neure kazetari-nagusi hura, neu ez bezala, kazetaria da oraindik. Politikan aditutzat daukate askok. Bart gauez Radio Euskadin berbetan entzun nuen.

Aitaren sorbalda gainean zihoan umetxo hura Josu Mendikute gure zerrendakidea zen. 

Luistxo





Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago