[eibar] Internet eta komunikabide konbentzionalak

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
Lar, Urt 5, 12:29:45, CET 2008


Urtero bezala aurtengo inauterien data eta ospakizun interesgarrienekin
albiste bat prestatzen ari nintzen dantzan.com-erako. Aurten inoiz baino
goizago datoz eta hori azalduz sarrera bat [1] publikatu genuen, baina data
mordoska biltzen duen sarrera ezkutuan, edo hobe esanda "argitaratu gabe"
moduan neukan, hozkailuan, data batzuk kontrastatzea falta zitzaidan eta.
Halako batean, atzoko Berrian inauterien inguruko artikulu bat [2]
argitaratu da. Irakurtzen hasi eta dantzan.com-eko bi artikuluetako edukina
(argitaratuta zegoena eta argitaratu gabe geneukana) jasotzen zituen
artikuluak. Informazioaren iturria, alegia, dantzan.com 3-4 aldiz aipatzen
zuen argi eta garbi Berriako artikuluak. Eta erdi-ezkutuan nuen inauterien
data zerrenda probisionala ere jasotzen zuen! Publikatu gabe izan arren,
zirriborro bezala zegoenez dantzan.com-eko bilatzaileak aurki zezakeen
artikulua, eta beraz, Berriako kazetariak lan txukuna egin zuen, nirea baino
zorrotzagoa!

Korrika eta presaka, azken zuzenketa batzuk egin eta argitaratu nuen
dantzan.com-en inauterien albistea [3], jendeak Berrian irakurrita webgunera
jo eta aipatutako artikulua aurki zezan. Artikulua publikatu eta handik
gutxira bi irratitik idatzi eta deitu zidaten, Gasteizko Hala Beditik eta
Radio Euskaditik, albistea dantzan.com-en irakurri dutela eta elkarrizketa
eskaera eginez. Atzo arratsaldean jardun nuen RE-ko Graffitin eta behin eta
berriz aipatu zuten dantzan.com-en irakurri zutela albistea.

Beraz, beste batzutan komunikabide konbentzional batzuk Interneteko
albistegiei behar bezalako jaramonik egiten ez dietela salatu izan dugun
moduan, aitortu behar dut oraingoan batzuk behintzat oso fin eta azkar
dabiltzala erakutsi didatela.

oier.

[1] http://www.dantzan.com/albisteak/inauteriak-inoiz-baino-goizago
[2] http://tinyurl.com/2ktcs8
[3] http://www.dantzan.com/albisteak/inauteriak-2008
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/eibartarrak/attachments/20080105/be8da0ef/attachment.html>


Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago