[eibar] Vikingoen sorterrirako mendigreena

markos zapiain mzapiain a bildua euskalnet.net
Ast, Ots 4, 21:04:32, CET 2010


Orain dela urte batzuk mondegreen pilo bat agertu zen foro honetan. Mondegreen hitz ingelesa "mendigreen" euskaratu genuen, gure zerrendakide Xabier Mendigurenen omenez. Zenbait mendigreen: Luistxok Aitorren hizkuntz zaharra-ko "munduaren aurrean gizonki azaldu" "munduaren aurrean bisontia saldu" bilakatu zuen; orain bere alaba Lilik aitarena ezagutu gabe "munduaren aurrean izokina saldu" abesten du. Hobe komertzioa gerra baino, esan gabe doa. Leire Narbaizak manifa batean "irrintzi bat entzunda" beharrean "irrintzi va que chuta" aditu zuen. 

Hain zuzen, "mendigreen" izenaren azpian dagoen Xabier Mendigurenek "irrintzi va que chuta" hura "Vikingoen sorterrira" bere azken liburuan txertatu du, "Normalak bagina bezala" ipuinean zehazki. Abilki erabili du bertako protagonista Felixin aurkezteko orduan. 

Bikainak dira liburuko zazpi istorioak. Badute alde liriko eta delikatu bat. Ordea, Mendigurenen bereizgarria begirada eta umore berezi bat da, ez dabilena urruti Clement Rosset-ek "terrorista" izendatu zuen umore motatik. 

Protagonistek koherentziaz nahi izaten dute beren jokabidea zuritu, munduaren aurrean zein beren buruaren aurrean. Beren hautu etiko eta erabakien oinarrian arrazoiren bat, logikaren bat, nahi izaten dute irudikatu. Baina errealitateak gainezka egiten die, benetan gertatzen dena absurdoa, gordina, barregarria eta negargarria baita, bere mingarrian arrunta eta arlotea, tragikomikoa, eta haizea hartzera bidaltzen du edozein logika eta arrazoibide. Ipuinek aurrera egin ahala, errealitatearen zartako ilogikoek alferrikako bilakarazten dute protagonistek beren burua babesteko eta azaltzeko darabilten logika eta zentzuna, bizitzaren funtsak gehiago baitu absurdo krudel irrigarritik kausa-ondorio kateamendu ulergarritik baino. 

Gizonki azaldu baino hobe genuke bisontia edo izokina saltzea, hori ere onartuko lukete Mendigurenen protagonistek. 

Irakurri, ez zaizue damutuko. 
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/eibartarrak/attachments/20100204/d3280477/attachment.html>


Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago